Arrieta Rodriguez eskiatzailea izango da Olinpiar Jokoetako hirugarren ordezkari donostiarra
Lucas Egibar eta Alvaro Romero snowboarderrekin batera ariko da, Milan-Cortina d’Ampezzon.
Arrieta Rodriguez alpinoko eskiatzaile donostiarra. Donostiak hiru ordezkari izango ditu Milan-Cortina d’Ampezzoko Neguko Olinpiar Jokoetan, otsailaren 6tik aurrera. Arrieta Rodriguez alpinoko eskiatzailea izan da sailkatzea lortu duen azkena, eta aurreneko aldiz ariko da joko batzuetan. Baita Alvaro Romero snowboarderra ere. Aldiz, Lucas Egibar snowboarderrak bere laugarren partaidetza izango du Olinpiar Jokoetan.
Rodriguezek 23 urte ditu, eta maila bikainean dabil 2025-2026ko denboraldian. FIS proba askotan parte hartu du, eta Europan garaipenak eskuratu ditu. Bestalde, 2023tik Europako Kopan lehiatzen ari da. Bere eskia erakusteko gogoz dator, hobetzeko duen tarte handiari esker. Bestalde, aipatzekoa da 28 urte geroago, Euskal Herriko emakume batek parte hartuko duela alpinoko eskiaren kategorian.
Lehiari dagokionez, Egibar eta Romero otsailaren 12an ariko dira snowboard kroseko sailkatze proban eta lasterketan, Livignoko egoitzan. Rodriguezek, berriz, eski alpinoko eslalomean parte hartuko du otsailaren 18an, Tofane Alpine Skiing Centre-n.


