Donostiak hartuko du Gipuzkoako Igeriketa Egokituko Txapelketa
Gipuzkoako Igeriketa Egokituko Txapelketaren aurkezpena, udaletxean.Donostiako Udala Larunbatean, hilaren 24an, Gipuzkoako Igeriketa Egokituko Txapelketa jokatuko da Donostian. Zehazki, Bidebietako udal igerilekuan izango da, eta ostegun goizean eman dituzte lehiaketaren xehetasunak, udaletxean egindako prentsa agerraldian.
Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioa da antolatzailea, Gipuzkoako Aldundiarekin elkarlanean. Aurten, berriz, Donostiako Udalak ere bat egin lehiaketarekin. Aurkezpenean Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak eta Richard Oribe igerilari arrakastatsuak parte hartu dute, besteak beste. “Kirol egokitua lehentasuna da Donostiarentzat. Txapelketa honek gure kirolarien talentu handia erakusten du, eta pertsona guztiek baldintza berdinetan lehiatu, aurrera egin eta kirolaz gozatzeko espazio inklusiboak sortzen jarraitzearen garrantzia nabarmentzen du”, adierazi du Gabarainek.
Txapelketa 10:00etan hasiko da Bidebietako igerilekuan, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko 46 kirolarik parte hartuko dute. Hain zuzen ere, Gaude, Haszten, Izarraitz eta Konporta klubetako igerilariek. Aurtengo lehiaketan emakume parte hartzaileen kopurua handitu dela nabarmendu dute. Horrekin batera, ikusmen urritasunaren kategoria berreskuratu dutela jakinarazi dute, modalitate horretako bi igerilariren partaidetzarekin.
Bidebieta lehiaketaren egoitza gisa aukeratzearen arrazoia azaldu du Gabarainek: “Udalaren apustua sendotzen du kirola auzo guztietara hurbiltzeko. Gure udal instalazioak irekiak, irisgarriak eta bizirik egon daitezen nahi dugu. Bidebieta horren adibide argia da, eta harrotasun handia da txapelketa hau hemen egitea”.
