Duela urtebete iragarri zuten egungo kudeatzaileek Hontza itxiko zutela. Bada, urte beten, eroslerik topatu ez dutela eta, behin betiko lokala itxiko dutela baieztatu dute: martxoaren 31n itxiko dute. Halaxe aurreratu du Berria-k jabeekin hitz egin berri.
Okendo kalean kokatua, 1982tik izan da Donostiako liburuzaleen erreferentziazko denda. Batez ere, euskaltzaleena. Iaz, albistea argitaratu zutenean, samina zabaldu zen hirian, galera handia zelakoan. Hontzako jabeek hasieratik bilatu dute proiektuarekin jarraituko zuen talde bat. Horretarako lokala saldu eta “formulak bilatzeko” prest zeudela kontatu zion IRUTXULOKO HITZA-ri Esther Moiua kudeatzaileak: “Guretzat ederrena litzake hiru-lau laguneko talde batek proiektua hartzea. Pena izugarria ematen digu denda itxi behar izateak eta”.Hontza liburu dendak badu itxiera data: martxoaren 31
Ordea, interesatu bat edo beste izan den arren, urtebeteko epea pasatuta, inork ez du proiektua bere gain hartuko eta behin betiko ixtea beste erremediorik ez dutela. Ez da harritzekoa. Lagun, Tobacco Days, eta lehenago Groseko Garoa dendak, esaterako, haien ateak itxi behar izan zituzten kontsumo ohituren aldaketa tarteko. Fnac eta Casa del Libro gisako frankiziek ere eragin gogorra izan dutela onartzen dute.
