«Bilbaíno el que no bote-te»
'Jesusen Bihotza' argi izpiekin apainduta, San Sebastian egunean.Joseba Parron Lagun onironauta batek esan zidan: «Jesukristo horrek hiriaren gainean energia eremu bat sortzen du, geure irudimena kamustuz». Proiektu bat aurkeztu omen zuen udaletxean, Pasealeku Berritik sokatira eginez botatzeko, diktadoreen eskulturak nola.
Donostiar abertzaletasunaren makurrena ikusi genuen beste behin ere Plaza Berrian, San Sebastian egunean, ehunka lagun «bilbaíno el que no bote-te!» oihukatzen. Zer momentutan gertatu da hori? Begira badaudela jendea saltoka jartzeko etsaitasun askoz ere duinagoak. Adibidez, Wazemank-en kantuaren asmatzailearekin egindako esketx famatua: «Ma-de-ro el-que no bo-te-te». Eta ez gaitezen erratu: hiriaren iruditeria kolektiboa da arazoa. Donostiako Piraten abordatzea lehertu baina minutu batzuk lehenago bilbotar anai-arreben kontrako oihu bera entzundakoa naiz eta.
San Sebastian egunak baditu ni baino maitale askoz handiagoak. Baina atzoko egunak badu zerbait ederra: auzo guztietan, normalean plaza hartzen ez duen jendeak jaiaren protagonista izateko duen aukera zoragarria. Ez naiz Gaztelubideko gizonkoteen papar puztuaz ari. Auzoz auzo dabiltzan herritar anonimo eta ederrek duten kalea hartzeko eskubideaz –eta obligazioaz, Sarrik esango lukeenez– ari naiz.
San Sebastian egunez ikusi nituen ere Biteriko eskolan, Morlansko metroko geltokian eta Lorategi Hiriko parkingean lanean ziharduten beharginak. Migratzaileak denak. Hori ere bada gure Donostia; jaiegunetan ere jairik ez duena.
Irudimenaren aldekoa izan behar du borrokak, beraz. Donostia asko sartzen diren Donostia baten alde. Iraganaren kontakizunetik hasita, etorkizun hobe bat irudikatuko duena. Eta orduan bai, beti pozez eta beti alai, oihukatu dezagun: «Horra zer diren gure Donostiak!».
