Donostia Arraun Lagunak-ek taldea berrosatu du
Lau arraunlarik utzi dute emakumezkoen trainerua, eta sei dira batu direnak datorren denboraldiari aurre egiteko.
Donostia Arraun Lagunak-eko neskak 2025ko Kontxako Bandera astintzen, kaian.Joseba Parron San Sebastian Arraunean ohikoak dira aldaketak, urte batetik bestera. Donostia Arraun Lagunak-ek iazko oinarria mantendu badu ere, aldaketa batzuk egin behar izan ditu, halabeharrez.
Lau dira emakumezkoen trainerua utzi duten arraunlariak: Joana Halzuet patroia, Nahikari Azkue, Ane Villagarcia eta Nahia Goenaga. Aldiz, sei arraunlarik bat egin dute Lugañenea ontziarekin: Nagore Osoro eta Amaia Eguren patroiek, Daria Perez, Nerea Agirrezabal, Eider Uribarrea eta Itxaso Alonso.
Klubak Halzuetek jarraitzea nahi zuen, pasa den denboraldian maila onean aritu zelako patroi gisa. Ordea, arrazoi pertsonalak tarteko, arrauna uztea erabaki du lapurtarrak. Haren lekua Osorok hartuko du, pasa den denboraldian Tolosaldean aritu zena. Baita Agirrezabal ere. Aldiz, Alonso Kaikurekin aritu zen iragan sasoian. Eguren eta Perez, berriz, Arraunen harrobikoak dira, eta Perezen kasua nabarmendu du klubak; irailean hasi zen Lugañeneako arraun eskolan, eta duela gutxi hasi da traineruarekin entrenatzen.
Urte berria, helburu berberak
2025a arrakastatsua izan zen Arraunentzat, Euskotren liga, Kontxako Bandera eta hainbat txapelketa irabazi zituztelako. 2026an, lorpen berberak edo gehiago izatea dute helburu. Horretarako, gogor entrenatzen dabiltza udazkenetik, Juan Mari Etxabe entrenatzailearen aginduetara.
