«Donostiaren egun handia nire semearekin ospatu nahi dut, aurrerantzean»
Urrezko Danborrari esker, inoiz egin ez duen moduan ospatu du San Sebastian eguna. Tenore gisa jaso du aitortza eta duen talentua erakutsi du Xabier Anduaga Martinezek (Gros, 1995), Plaza Berriko oholtzan, udaletxean eta Anoetan. Donostia mapan kokatu ohi du, eta, orain, hiriak jarri du jendaurrean.
Xabier Anduaga tenore donostiarra, Viktoria Eugenia antzokian.Joseba Parron San Sebastian San Sebastian eguna aipatuta, zein da burura datorkizun lehen oroitzapena?
Nire lehen oroitzapenak amonarekin dira, gure etxean. Txikitan, familiarekin afaltzen nuen beti San Sebastian bezperan, urtarrilaren 19an. Ondoren, gogoan dut Groseko danborradak ikustera joaten ginela. Konstituzio plazara, berriz, 20 urte bete nituen arte ez dut uste joan nintzenik. Gure ohitura auzoan geratzea zen, eta han ospatzea sansebastianak.
Eta bada gogoan duzun besterik?
Urteak ez ditut gogoan. Dena dela, La Salle ikastetxearekin atera nintzen haur danborradan. Duela hamaika urte, oker ez banago, Gaztelubideko danborradarekin atera nintzen, Donostiako Orfeoiko nire lagunekin batera. Hori bai izan zela berezia, nire azkena izan zelako aurtengo San Sebastian egun ederraren aurretik. Beste urte batean, Groseko Lagun Garbiak elkartearekin jotzen ere atera nintzen. Horiek izan dira heldu gisa orain arte bizi izandako San Sebastian egunak.
Haur danborradan zehazki zenbat urtetan atera zinen?
Uste dut zortzi bat izan zirela. Askotan, egia esan. La Salle ikastetxeko konpainia oso handia zen, eta aukera ematen ziguten ateratzeko. Sei urterekin eskopeta hartu nuen, gerora danborra jotzen bukatzeko.
Haur danborradako oroitzapen batzuk ere baditut. Adibidez, gogoan dut hamarretan jotzen genuela La Sallen bertan, eta gero, autobusa hartu eta Bulebarrera joaten ginela. Bidean, danborrak eta upelak jotzen genituen, eta pentsatzen dut gidariarentzat sufrikario bat izango zela [barrez].
Bestalde, gogoan dut ateratzen lehenengoak izaten ginela, eta, azkenak, Zurriola ikastolakoak. Nire lehengusuak Zurriolan zeuden, eta beraiek iritsi arte itxoiten egoten nintzen haur danborradaren bukaeran.
Gerora, beraz, festaz gozatzeko aukera izan zenuen?
Egia esan, ez. 2016an egin nuen debuta Italian, 20 urterekin. Ordutik, San Sebastian eguna Donostian pare bat aldiz bizitzeko aukera izan dut, aurtengoa iritsi den arte. Orokorrean, berriz, familiarekin gehiagotan ospatu dut eguna, lagunekin baino. Horrez gain, uste dut bandera jaitsiera gehiagotan egon naizela, bandera igoeretan baino. Familiako hainbat kide ditut Union Artesana elkartean, eta, horregatik, urtarrilaren 20ko bandera jaitsiera gehiagotan izan naiz.
Debuta egin ondoren, Gaztelubidek eta Lagun Garbiak elkarteak haien danborradekin jotzeko aukera eskaini didate, baina aipaturiko bi aldiez gain, ez parte hartzea erabaki nuen. Normalean, lanean harrapatu nau San Sebastian egunak, eta nahiz eta Donostiara etortzeko aukera izan, ahotsa zaintzea eta ez hoztea lehenetsi izan dut.
Aurten, ordea, Gaztelubiderekin eta Union Artesanarekin atera naiz. Urrezko Danborrak beti jotzen du Gaztelubiderekin, baina Union Artesanarekin normalean, ez. Dena dela, nire osaba da Union Artesanako presidentea, eta haiekin jotzeko eskatu zidan. Noski, baiezkoa eman nion eta ederki pasatu nuen.

San Sebastian egunaren bandera igoeran, ‘San Sebastian martxa’ abestu zuen Xabier Anduagak, Plaza Berriko oholtza gainean.EFE
Tenore gisa daramazun erritmoarengatik, munduan zehar harrapatu zaitu hainbatetan San Sebastian egunak. Gogorra izan zen zuretzat, familian ospatu izan duzun tradizioa izanik?
Hasieran, oso gogorra izan zen, bai. Gerora, ohitu egin nintzela esango nuke. Dena dela, bai gogoratzen naizela Bartzelonan nengoen urte batean, bandera igoera iPad-ean ikusi izanaz. Zaila izan zen, hobe delako Donostian bizi ezin baduzu, ez ikustea. Jakitea amona etxean zegoela eta ni ez, gogorra zen niretzako. Baita familiartean ospatzeko aukerarik ez izatea ere. Berdin zitzaidan Konstituzio plazara ez joatea. Familiaren falta, normalean sentitzen dena, bereziagoa izan da Donostian egon ez naizen San Sebastian egunetan. Dena dela, horrelakoa da bizitza.
Urrezko Danborra jaso zenuen pasa den asteartean, Donostiako Udaletxean. Hiriak eman ahal dizun aitortza handiena da, ezta?
Donostiar gisa jaso ahal duzun sari handiena da, bai. Alkateak deitu ninduenean saria emango zidatela jakinarazteko, pentsatu nuen akaso goizegi zela halako aitortza bat jasotzeko, eta ez nuela merezi. Halere, alkatearekin hitz egin ondoren, ulertu nuen arrazoia. Hau da, ez dela beharrezkoa Urrezko Danborra jasotzeko, 30 urtez Donostiaren izena nazioartean zabaltzea. Hamar urte beteko dira nire debuta egin nuenetik. 2016ko abuztuan izan zen. Egia da Donostia beti dudala presente noan lekura noala. Mundu mailan nabilenean, Donostia eta donostiar izatea oso presente daukat.
Beraz, ohorea izan da niretzat Urrezko Danborra jasotzea. Gogoan dut zeintzuk diren nire aurretik hiriaren aitortza jaso dutenetako batzuk. Adibidez, Martin Berasategi, egunotan maiz aipatu duten Xabi Alonso, eta Ainhoa Arteta sopranoa. Estimatzen ditudan pertsona batzuek jaso dute Urrezko Danborra, eta, orain, nik jasotzea ikaragarria da. Bizitzan jasoko dudan aitortzarik handiena izango da, ziurrenik.
«Bihotza esker onez eta erantzukizunez beteta» zenuela adierazi zenuen Urrezko Danborra jasotzeko ekitaldian. Zuretzako oso garrantzitsua da?
Bai, noski. Adierazi nuen moduan, Donostia ez da soilik jaio nintzen tokia, mundua begiratzeko modua ere bada. Hemen ulertu nuen gauza garrantzitsuak poliki eraikitzen direla, zaratarik gabe, hain gurea den irmotasunezko eta soiltasunezko nahasketa horrekin. Artista gisa naizen guztia pertsona gisa jaio zen lehenik, gure kaleetan, bizitza ulertzeko modu honetan. Hemen ikasi nuen handikeriarik gabe aurrera egiten duenaren umiltasuna, diskrezioaren balioa eta talentuak soilik zentzua duela esfortzuarekin batera baldin badoa.
«Normalean, lanean harrapatu nau San Sebastian egunak. Ahotsa zaintzea eta ez hoztea lehenetsi izan dut»
Zure bizitzako egun zoriontsuenetakoa izan da 2026ko San Sebastian eguna?
Ahaztuko ez dudana, bai, behintzat. Bizitzan egun zoriontsu asko bizi nahi ditut. Nire semea jaio zen eguna izan da orain arteko bereziena, eta Urrezko Danborra ere horietako bat da dagoeneko.
Dagoeneko jabetu zara Urrezko Danborra jasotzearen balioaz?
Hasiera batean, aitortu behar dut ez nintzela kontziente. Ordea, egunak aurrera egin ahala konturatu naiz zer den jendearentzat.

Urtarrilaren 20an, Xabier Anduagak semearekin eta emaztearekin partekatu zuen Urrezko Danborra, udaletxean.Nagore Garmendia
Zure alorrari dagokionez, aipatu duzun Ainhoa Arteta sopranoak —1999an— eta Rafael Fruhbeck de Burgos orkestra zuzendariak —1974an— jaso dute Urrezko Danborra. Halere, zu zara eskuratu duen lehen tenorea. Bazenekien?
Ez nekien, egia esan. Dena dela, Euskal Herriak tenore gutxi eman ditu, eta ni banaiz lehena jaso duena, oso pozgarria iruditzen zait. Era berean, erantzukizun handia dela sentitzen dut, eta sekulako ikusgarritasuna ematen dizula. Hau da, fokua jartzen dizu, eta hori da niretzat garrantzitsuena. Mundu klasikoa gazteei erakustea da nire helburuetako bat, eta tenore bat saritzeak horretan laguntzen duela uste dut.
Pasa den abuztuan, kontzertu berezi bat eskaini nuen Viktoria Eugenia antzokian, eta gazte asko zeuden ikus-entzuleen artean. Lagun asko ere gonbidatu nituen. Azken batean, musikaz gozatzeko modu asko daudela uste dut, eta gazteek joera modernoez bezainbeste gozatu dezaketela doinu klasikoekin eta mundu lirikoarekin.
Donostia, ordea, musika klasikoaren hiria ere bada, ezta?
Bai, noski. Musika Hamabostaldia da horren eredu garbiena. Jazzaldia eta bestelako emanaldiak ere baditugu. Kontua da erreferenteak falta direla gazteak mundu klasikora erakartzeko. Beraz, tenore gazte bati fokua jartzeak lagun dezake erreferente berriak eta gazteak sortzen. Horretan laguntzen badu nire Urrezko Danborrak, are gehiago poztuko naiz.
«Donostia ez da soilik jaio nintzen tokia, mundua begiratzeko modua ere bada»
Xabier Anduaga ezagunagoa da Donostian ala atzerrian?
Atzerrian, zalantzarik gabe [barrez]. Orain, gehiagok ezagutu naute hemen, hori seguru. Halere, esan dudana berretsiko dut. Garrantzitsuagoa iruditzen zait nire irudiari esker musika klasikoak ikusgarritasun handiagoa izatea Donostian eta gure inguruan. Izan ere, Euskal Herrian tradizio handia dugu musika koralean, baina musika klasikora irekitzeak beldur handiagoa ematen duela dirudi.
Bestalde, San Sebastian egunaren bezperari begira, entseguak egin nituen Donostiako Orfeoiarekin, eta konturatu nintzen kantari askok miresmenez begiratzen nindutela. Hori da gustuko dudana, pentsarazten didalako musika ikasketekin jarraituko dutela, eta ni tenore izatera iritsi banaiz, beste batzuek ere lor dezaketela.
Hemendik aurrera, saiatuko zara San Sebastian eguna Donostian gehiagotan ospatzen?
Zalantzarik gabe. Batez ere, nire semearengatik. Hori dela eta, Donostiaren egun handia nire semearekin ospatu nahi dut, aurrerantzean. Gainera, gustatuko litzaidake berak ulertzea San Sebastian eguna zer den niretzako, eta elkarrekin ospatu ahal izatea. Betidanik, Grosen bizi izan naiz, orain etxea erosi dugu, eta espero dut Donostiako festa handia hemen gehiagotan gozatu ahal izatea.
