Elurrak eta hotzak 'inguru paregabea' eski pista bilakatu zutenekoa
Batzuek nahi baino gutxiagotan gertatu arren, hiria noizean behin elurrak estalita gelditzen da. Ez du luze irauten, gehienetan; baina badira salbuespenak. Gogoratuenetakoa 1985eko urtarrileko elurtea da, hura baliatuta, eski iraupen proba egin baitzuten Kontxa pasealekuan.
Josean Larrañaga 'Urko' abeslaria, Kontxako proban. BERRIA
Ezohikoa dena beti da berezia. Errege Egunean elur maluta batzuk erori ziren, eta zuritu ez bazuen ere, askori zirrara eragin zien. Itsas mailan egonda, kosta egiten zaio elurrari iristea, eta are gehiago, gelditzea. Ez da gehiegi atzera egin behar azken elurtea gogoratzeko, zortzi urte besterik ez dira pasatu. 2018ko otsailaren hondarrean, zurituta esnatu zen hiria eta ohartarazpena egina bazegoen ere, ezustean harrapatu zituen zenbait. Duela hogei urte ere, antzera gertatu zen. Otsailaren 20tik 23ra bitartean, eguraldiak herritarren egunerokoa erabat aztoratu zuen; izan ere, zenbait lekutan 40 zentimetro elur metatu zen. Alde ona bilatzen dakitenak beti badira, eta bai Urgullen bai Kontxan eskiekin ibili ziren zenbait. Edonola ere, adinez lau hamarkadak paseak dituztenentzat gogoangarriena, zalantzarik gabe, 1985eko elurtea da; orduko hartan, hiriaren paisaiaren ikurretako bat eski proba baten lekuko bilakatu baitzuten.
Euskal Herrian joan den mendean izandako elurte eta hotzaldi handienetakoa izan zen. Bi antizikloiren baturak gutxitan ikusitako irudia ekarri zion hiriari. Siberia aldean zegoenak hotz lehorra ekarri zuen eta Groenlandia azpian zegoenak itsasoko hezetasuna. Berezitasunetako bat, gainera, fenomeno meteorologikoaren iraupena izan zen.
120 eskiatzaile
Urte hartako lehen bi hilabeteak oso hotzak eta elurtsuak izan ziren. Urtarrilaren 7an erori ziren lehen malutak eta hamabost egunez ez zuen gelditu. Zero azpitik hamar gradura heldu zen hotza, eta izotza nabaritu izan zen hiriko kale eta pasealekuetan. Elurte luzea izan zen, eskolak eta lantegiak ireki ezinik egon ziren eta errepide gehienak ere, itxita.
Hotzaldi hartan, Igeldora doan errepidea eski pista bihurtu zuten herritarrek. Asko, eskiatzeko traste guztiak hartuta, funikularrean igo eta handik eski gainean jaisten ziren. Urtarrilaren 15ean, ordea, termometroen merkurioa zero azpitik sei gradura jaitsi zen eta hamabost zentimetro elur pilatu zen kaleetan; eta beste ideia bat bururatu zitzaien neguko kirol horren zenbait zaleri.
Ideia izan zuen Nairobitarra autobusa —gero, kamioia— munduan barrena bidaiatzeko egokitu zuen abenturazale talde berak. Kideetako bat zen Josu Iztueta, eta kirol hitzordu berezi horri buruz han eta hemen kontatu izan duenaren arabera, irratiz egin zuten proposamena eta jendea parte hartzera animatu zuten. Gonbitari heldu eta makilak eta eskiak hartuta bertaratu zirenak 120 bat izan ziren. Gehienak, donostiarrak, errenteriarrak eta tolosarrak ziren; antza, Bilbotik ere etorri zen baten bat, baina, diotenez, batzuek ezin izan zuten hirira iritsi, elurragatik, hain zuzen ere. Ikusleak, berriz, ehunka izan ziren Kontxa pasealekuan barrena, tartean, orduko alkatea zen Ramon Labaien.
Tunel barruan, oinez
Iraupen eski proba udaletxe paretik abiatu zuten, 15:30ean. Partaideek Haizearen Orraziraino joan-etorria egin behar izan zuten, eta Nairobitarrako kide Angel Ortiz izan zen azkarrena: 17 minutu eta 33 segundotan zeharkatu zuen helmuga. Haren atzetik, bigarrena, Peio Ruiz Cabestany txirrindulari donostiarra. Lehen emakumezkoa, aldiz, Dina Bilbao ondarroarra izan zen, 24 minutu eta 52 segundoko denbora eginda. Lehian, aurpegi ezagunak ere baziren, Ruiz Cabestanyz gain, Josean Larrañaga Urko abeslaria edota Martxelo Otamendi. Iztuetak berak ere parte hartu zuen eta bosgarren helmugaratu zen. Edonola, hala gogoratzen du: «Lasterketa anekdotikoa izan zen; polita, giroa izan zen».
Bitxikeriak ere izan ziren, esaterako, ibilbidean ez zegoen aztarnarik; eta Antiguako tunela zeharkatzeko, eskiak kendu behar izan zituzten, han barruan, jakina, aurrera egiteko elurrik ez baitzen
