Gartxot Unsainen disko berriko aurrerapen kantua, Maia Iribarnerekin
Proiektu berri baten kantu berria aurkeztu du gaur Gartxot Unsain musikari donostiarrak (Yaw, Bizaldi, Madeleine, Ghau…). Modu batean, “aro berri bati hasiera ematen” ari dela onartu du Unsainek, “zirrara handiz gainera”.
Ghau proiektua alde batera utzita, azken bi urteak “barrura begira igaro” ditu Unsainek, eta bere izenarekin abiatuko du proiektu berria. Otsailaren 6ean emango du argitara, hain zuzen, Bizirik gaude bere lehen lan luzea, gitarra eta ahots soilez ondutako disko geldoa. Baina ez bakarrik: Amaia Miranda izan du ekoizle, Iban Amorante tronpeta eta harmonium eta Maia Iribarne ahotsean, besteak beste.
Hain zuzen, azken honen doinuek janzten dute gaur argitaratu duten aurrerapen kantuak: ahaztear. Unsainek azaldu duenez, “ohorea” izan da Iribarnerekin kontatzea: “Duela urte asko bere ahotsa lehen aldiz entzun nuenetik miresmen handia diot, pertsona zein sortzaile gisa, eta ohorea izan da niretzako tarte bat hartu, etxera etorri eta kantu honetan ekarpena egin izana”.
