«Gure kideen aurkako eguneroko iraina da gurutze faxista hori»
Gipuzkoako CNT sindikatu anarkistak urteak daramatza eskatzen Polloe hilerriko mausoleo frankistako gurutzea bota dezatela, miliziano antifaxistekiko errespetuagatik. Mausoleoan dagoen Eusebio Serrano Alvarez milizianoaren biloba Pedro Lakuntzaren babesa dute orain.
Josetxo Etxeberria CNTko kidea eta Pedro Lakuntza, mausoleo frankistan ehortzitako Eusebio Serrano milizianoaren senidea. Beñat Parra Polloe hilerriko Martirien Mausoleoa monumentu frankistari «esanahia aldatu» zioten Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 2023an, hamarkada luzez frankismoari gorazarre egin zion plaka kenduz eta lur azpian identifikatutako miliziano antifaxisten omenezko plaka bat eta estatua bat jarriz. Frankistek euren aldekoen omenez eraikitako gurutzeak, ordea, hor jarraitzen du, ukitu gabe.
Hori dela eta, Gipuzkoako CNTk urteak daramatza eskatzen gurutzea bota dezatela; momentuz, arrakastarik gabe. Orain, ordea, Pedro Lakuntza donostiarra batu zaie, mausoleoan ehortzita dagoen Eusebio Serrano Alvarez CNTko milizianoaren biloba: «Nik erabat egiten dut bat gurutzea botatzeko eskaerarekin. Ikaragarria iruditzen zait Elizaren inpunitatea», adierazi du.
Aranzadi Zientzia Elkarteak 2022an mausoleoan identifikatutako hamazazpi miliziano antifaxistetako bat da Serrano. Palentziarra jaiotzez, 1936ko gerraren lehenengo egunetan hil zuten, uztailaren 22an, Donostiako borrokaldietan. Lakuntzak azaldu duenez, bere amak, Serranoren alabak, ez zuen sekula jakin bere aita non zegoen lurperatuta: «Urteekin, jakin genuen Kasilda [Hernaez] milizianoa Miarritzen bizi zela, eta hara joan ginen ama eta biok, aitonaz zerbait bazekien galdetzera. Baina ez zekien ezer». Aranzadiren ikerketaren harira jakin zuen aitona mausoleoan ehortzita zegoela, baina, ordurako, ama hilda zegoen.
Etxean ez zuten aitonaz eta gerraz asko hitz egiten, baina Lakuntzaren amak ez zuen inoiz ahaztu: «Ni harro nago aitonaz eta bere ibilbideaz. Gure amak esaten zuen Eusebiok esaten zuela borroka egiten zuela soilik bere seme-alabek mundu hobea eduki zezaten. Eta detaile gisa, txorakeria bat izan daiteke, baina ez zizkion belarrietako zuloak egin bere alabari, duela 90 urte inguru».
Eskaera ofiziala eta bide judiziala
Aitonaren memoriarengatik, Gipuzkoako CNTko kideekin bat egin du Lakuntzak urteotan, mausoleoari dagokionean. Hain zuzen ere, Donostiako Udalari bide administratibotik eskatu zioten 2024an gurutzea botatzeko. Isiltasunaren aurrean, ordea, bide judiziala abiatzea erabaki zuten 2025ean, eta orain aktibatuko dute: sindikatu anarkistak eta senideak elkarrekin aurkeztuko dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Donostiako epaitegian. Memoria demokratikoko Gipuzkoako fiskalarekin ere bildu dira informazio gehiago lortu nahian, arrakastarik gabe.
Lakuntzak eta CNTk argi dute «Estrasburgoraino» heltzeko prest daudela, gurutzea botatzeko bide judizialean
Izan ere, Josetxo Etxeberria CNTko kideak salatu duenez, iraingarria da frankisten omenez eraikitako gurutze hori antifaxistentzat: «Uste dugu ikerketa sakonagoa egin behar dela mausoleoan, hamazazpi miliziano horiek baino askoz gehiago daudelako frankistekin batera. Hala ere, ados egon gaitezke diotenean ezin direla denak identifikatu eta handik atera. Baina, orduan, gurutze horrek zer egiten du hor? Gure kideen aurkako eguneroko irain bat da gurutze faxista hori gainean edukitzea, ez delako denentzako sinbolo bat». Ildo beretik, halako auzietan erakundeek CNT kontuan ez edukitzea kritikatu du Etxeberriak: «Aranzadiri errespetu handia diogu, baina ez da eragile politiko bat, eta soilik bere iritzia hartzen dute kontuan; gu ez gaituzte abisatu ere egiten, gure kideak biktimen artean egonda ere; hutsune politiko handia dago».
Lakuntzak eta CNTk argi dute «Estrasburgoraino» heltzeko prest daudela, gurutzea botatzeko bide judizialean. Hala ere, «itxaropen gutxi» dute: «Eztabaidak pizten dira gazteek sinboloak botatzen dituztenean, moduak ez direlakoan. Baina, gure kasuarekin, ikusten ari gara modu legala ez dela eraginkorra», nabarmendu du Etxeberriak. Hala ere, bukaeraraino joango dira, Eusebio Serranoren eta haren kideen ideiak jarraituz, Lakuntzaren hitzetan: «Mundua kulturaren eta hezkuntzaren bidez aldatzeko itxaropena zuten. Utopia zen, baina utopia da, hain justu, aurrera egiteko baliabidea».

'Martirien Mausoleoa', urte luzez ukitu gabe
Polloeko mausoleoko esanahia 2023an aldatu zuten erakundeek, han urte luzez ikusgai egon zen plaka frankista kenduz eta bertan hainbat frankistekin lurperatuta dauden borrokalari errepublikanoak omenduz. Martirien Mausoleoa izan zen ordura arte gunearen izena, frankistek jarritakoa, eta A la memoria de los asesinados por defender sus ideales, de Dios y España. Una oración por sus almas zioen plaka bat zuen jarrita.
Iñaki Egaña Euskal Memoria Fundazioko historialari eta hedabide honetako kolaboratzailea izan zen mausoleoa aztertzen lehena: «Garai hura bizi zuten herritar batzuen testigantzei esker, jakin nuen mausoleoan errepublikano batzuk lurperatu zituztela», azaldu zion hedabide honi, 2022an, mausoleoari buruzko erreportaje batean.
2021era arte, aldiz, ez zen esku hartzerik izan mausoleoan. Urte hartan, EH Bilduk mausoleoari buruzko iradokizun bat aurkeztu zuen Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordean, Egañaren ikerketak eta Itsaso Bikuña Dinamita Tourreko kideak IRUTXULOKO HITZAn 2021eko azaroan argitaratutako iritzi artikulu bat aipatuz —aurretik, 2020an, mausoleoari buruzko erreportaje laburra argitaratu zuen hedabide honek—. Iradokizun haren harira, Aranzadiri ikerketa egiteko eskatu zion udalak, ikerketa horren bidez hamazazpi miliziano identifikatu zituzten —askoz miliziano gehiago daude identifikatu gabe— eta horren ondoren etorri zen esanahi aldaketa.

