Herreran 200 lagun kaleratuko dituztela salatu du Kontseilu Sozialistak
IRUTXULOKO HITZA-k jakin duenez, astelehenean kaleratzea dago iragarrita Jolastokieta 4 eraikinean, eta ez Zardoya-Otis eremu osoan, eta, beraz, 30 inguru izango dira kaleratuak.
Herrerako Zardoya eremua gero eta degradatuagoa dago.Inaxio Esnaola Donostiako Udalak, Herrerako Zardoya eremuaren jabeen eskaripean, eraikin horiek eraisteko agindua eman duela salatu du Donostiako Kontseilu Sozialistak. Hori horrela, jakinarazi dutenez, urtarrilaren 26rako ezarrita dago ezarrita kaleratzea, eta aldaketarik ezean, astelehen goizean izango da hustuketa.
Kontseilu Sozialistak azaldu duenez, 200 lagun baino gehiago dira kaleratuak izateko arriskuan daudenak. Ordea, IRUTXULOKO HITZA-k jakin duenez, informazioa ez da guztiz zuzena. Izan ere, ez dira Zardoya-Otis eremuan dauden bost eraikinak kaleratzeko agindurik eman, soilik Jolastokieta 4.ko pabilioia. Hor, hedabide honek jakin duenez, 30 bat lagun bizi dira Donostiako Udala haietako batzuekin harremanetan jarri da, irtenbideak bilatzeko asmoz. Izan ere, ez da udala epaileak baizik, operazioa agindu dutenak.
Edonola ere, egoera ez da xamurra eta eremuan bizi diren 200 lagunak lehenago edo beranduago kaleratuko dituztela gauza ziurran da. Zentzu horretan, abenduaren 4ean izandako polizia operazioarekin alderatu dute honakoa eta salatu dutenez, “ondorio berak eragingo dituen operazio bat errepikatu daiteke: kriminalizazioa, polizia indarkeria, alternatibarik gabe etxegabetzea eta pertsona horiek beste aterpe bat etsi-etsian bilatu behar izatea”. Egoera muturrekoa dela iritzi du Kontseilu Sozialistak eta gogora ekarri dute bi pertsona hil dira kalean azken bi hilabeteetan. “Ez al dira gehiegi?”, galdetu dute.
Etxebizitzaren arazoa
“Donostia moduko hiriak higiezin eta turismoaren negozioaren inbertsio zentro handiak dira, eta bertan ematen den pobretze prozesuaren ondorioa langile klasearen kanporatzea da: zentroko auzoetatik periferietara, eta periferietatik ikusezinak izango diren beste edonora”, egin du gogoeta Kontseilu Sozialistak. “Baliabideak irabazien arabera erabiltzen dira. Horregatik, milaka euro bideratzen dira ehunka pertsona indarkeriaz botatzeko eta enegarren hirigintza proiektua aurrera eramateko, baina euro bat ere ez kalitatezko alternatibak eskaintzeko edo auzoak behar dituen azpiegiturak eraikitzeko”, gehitu dute.
Honela gaineratu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: “Ez dugu onartuko pertsonak alternatibarik gabe uzten dituzten makro etxegabetze bortitzak normalizatzea. Uste dugu milaka etxebizitza dauden hiri batean inork ez lukeela pilaketa eta miseria egoera horietan bizi beharko”. Muturreko egoera honi “batasunez erantzuteko” deia egin dute bi eragileek.
