«Normalizatzen ari da medikurik ez egotea Etengabeko Arreta Guneetan; ikaragarria da hori»
Mediku lana utzi zutenean, buru-belarri sartu ziren Marta Barandiaran eta Ina Idarreta DOPAn, osasungintza publikoaren aldeko herritarren mugimenduan. Donostian, Etengabeko Arreta Gunearen utzikeria salatzen ari dira: txanden %36etan ez da medikurik egon 2024 urtean.
Marta Barandiaran eta Ina Idarreta, DOPAko kideak. Xalba Ramirez Zer ari da gertatzen Osakidetzan?
Marta Barandiaran (M.B.).: Osakidetzaren gainbehera ez da oraingoa, COVID ondoren gertatutakoa. Lan egiten genuenean ere ikusten genuen. Propagandak izugarrizko indarra du. Jaurlaritzako Osasun Sailburua aldatu denetik, gauzak ez dira gehiegi aldatu, eta lehen bezain gaizki egonagatik ere, ez dago eztabaida nahikorik kalean. Osasun itun ezagunean, eragile asko ez dira sartu ere egin eta beste batzuk bidean geratu dira. Baina saltzen dute arrakasta moduan. Pribatizazioa bultzatu bai edo ez eztabaidatzeko talde bat sortu zen, eta hor ezezkoa atera zen… Eta gero ez da bete erabakitakoa.
Ina Idarreta (I.I.): 2008an, krisi ekonomikoaren aitzakiarekin, dirua emateari utzi zioten agintariek. Guk barrutik ikusi dugu eta orain kanpotik ikusten dugu. Gu gara familia medikuen lehenengetako belaunaldia. Dena berria zen, eta egiteko zegoen, gorakada izugarria bizi izan genuen. Gure helburua beti izan da Lehen Arreta osasungintzaren ardatza izatea, eta hori ez da inoiz bete.
Zer dela eta?
I.I.: Gastu gehienak ospitaleak eramaten ditu. Denak gaude txundituta ospitaleko teknologiarekin eta abar. Azken finean, Lehen Arretako gure tresnak dira denbora eta hitza, batez ere.
M.B.: Politikariek ez dute inoiz sinistu horretan, zeren horrek ez du irabazirik sortzen, ez dago txundidura teknologikorik gure lanean. Egungo eredua erabat ospitalzentrikoa da. Osakidetzak egitura aldatu zuen, ESIak sortuz. Denontzako egitura bakarra, eta, batez ere, aurrekontu bakarra. Ospitaleak dena jaten du.
Zergatik da Lehen Arreta horren garrantzitsua?
M.B.: Lehen Arretak kudeatzen dituelako iristen diren arazoen %90a. Beste ikuspegi bat du: gaixoa bere komunitatean kokatzen du, beste perspektiba batekin. Badaude ikerketak diotenak urteetan artatzen zaituen mediku bat baduzu heriotza tasa asko jaisten dela. Arlo sanitarioaz gain, bizi ereduak ere sekulako garrantzia du. Askotan esaten da: zure posta kodeak eragin handiagoa du zure geneek baino.
I.I.: Mediku falta aurreikusita zegoen eta ez dute neurririk hartu. Osakidetzak beti partxeak jartzen ditu, ez ditu arazoak osotasunean hartzen. Lehen arretan urte asko daramagu esaten gaixo kroniko asko dagoela, migratzaile komunitateek behar bereziak dituztela eta abar… Horren aurrean zaintza eta baliabideak behar genituela esaten genuen. Beti merkezurrean, ahalik eta gutxien gastatuz.
Badirudi nahita ari direla.
M.B.: Guk galdera hori egiten diogu beti geure buruari. Nahita da, edo utzikeriagatik? Ondorioa da azken urteetan pribatua askoz gehiago erabiltzen ari dela. Zerbitzuek publikoak funtzionatzen ez badute…
I.I.: Gure arduradun zuzenak zirenak a dedo hautatuak izan ziren maiz. Prestakuntza nahikorik gabekoak, baina botereekin. Oso zaila da aldaketak bide onetik joatea.
M.B.: Oro har, pribatizazioa, badago: sanitarioak ez diren arlo asko pribatuak dira: sukaldeak, garbiketa, parkinga… Etxez etxeko artatzea arratsaldeko bostetatik goizeko bederatziak arte enpresa pribatu batek egiten ditu. Gure sasoian, gainera, Osakidetzako zuzendari batek sortutako enpresa bat zen.
Etengabeko Arreta Guneetan (EAG) nabarmena da egoera txarra.
M.B.: Donostialdean dagoen zerbitzua okerrenetako bat da. Txanden %36ean medikurik gabekoak izan ziren 2024ean. Grebetan izan behar diren gutxieneko zerbitzuak ere ez dira betetzen! Arriskutsuena da normalizatzen ari garela zerbitzu batzuetan medikurik ez egotea. «Ospitalera joango naiz», dio jendeak. Ikaragarria da. Gauez erizainak bakarrik daude. Eromena da. Aste Santuan, Gabonetan, udaran… Gutxienez, bost hilabetetan minimoetatik behera. Hori ez bada egiturazkoa, hamabi hilabetetatik bostetan. Gainera, datuak lortzea oso zaila da: gardentasun eza eta opakotasuna ikaragarriak dira.
I.I.: Garai batean larunbatetan irekita zeuden zentroak, eta familia medikuak eta pediatrak zeuden zentro guztietan. Gero eta EAGko zerbitzu gutxiago eskaintzen du Osakidetzak, baina eskaria gero eta handiagoa da. Lehenengo Arreta gaizki dagoenez, etengabeko arreta kolapsatu egiten da. Eta dena ari da hankaz gora jartzen
Erizainekin zer esanik ez.
I.I.: Erizainen eginkizuna ez da diagnostikoak egitea, gaur egun, eta askotan tokatzen zaie. Ez gara konpartimentu estankoak, ikasi dezakegu, eta funtzio berriak geure gain hartu, baina formazioa eskaini behar da, eta ez partxeak. Zulo bat tapatzen denean, beste zulo bat irekitzen da.
Donostiako datuak inguruarekin alderatuta, nabarmen okerragoak dira. Zergatik?
M.B.: Guretzat ere sorpresa izan ziren zifra hauek. Agian Ospitalea dagoelako, baina ezin dugu ulertu. Eta datu gehiago izatea ezinezkoa da, erabat opakua baita Osakidetza.
Medikuak ez egotearen ondorioa zein da?
M.B.: Osasun zentro batera banoa, eta medikurik ez badago, zer egingo dut? Edo ospitaleko larrialdietara edo pribatura joan! Eta gero gertatzen dira egoera surrealistak. Ospitalera zoaz, esaten dizute Bengoetxeara jaisteko, eta Bengoetxean ez dago medikurik! Normalizatzen ari da, hori da okerrena.
Egian mobilizatu egin zarete pediatrarik ez dagoelako. Haurrak ospitalera eraman behar izan dituzte, eta urteko azterketa egin ez duen belaunaldi oso bat dago.
I.I.: Urtebetez pediatra falta egongo zela aurreikus zitekeen. Hor dago arazoa: aurreikuspen faltan.
DOPAk herritarren aktibazioa bilatzen du. Zer egingo duzue?
M.B.: Auzoetara jo nahi dugu guk, masa kritikoa sortu behar da. Mobilizazioak, prentsan lanketa, eskuorri banaketak… Herritarren aktibazioa bilatzen dugu. Grosen egin genuen abenduan. Intxaurrondon, Txomiñenean Olatu Txuriarekin elkarlanean…
I.I.: Gai askorekin bezala, desmobilizazio handia dago, eta orain, indarrak batzeko ordua da. •

