Operako eta zarzuelako tenore gisa, nazioartean bidea egiten ari da
Xabier Anduaga Donizettiren 'El elixir del amor' opera interpretatzen, New Yorken.Metropolitan Euskal Herriko eta bere belaunaldiko tenore oparoenetako bat da Xabier Anduaga Martinez. Soilik 30 urte baditu ere, nazioartean estimatua da. Are gazteagoa zenean egin zuen debuta 2016an, Italiako Pesaro hiriko Rossini Opera Festival jaialdian. Hain zuzen ere, Rossiniren Il viaggio a Reims operako Cavalier Belfiore pertsonaiaren rola jokatu zuen. Arrakastaren abiapuntua izan zen.
Donostiako Orfeoian hasi zen abesten 8 urterekin, eta dagoeneko bakarlaria zen 15 urterekin. Goi mailako ikasketak egin zituen Musikene eskolan, 2014tik 2018ra bitartean. Aldiz, Elena Barbe maistrarekin trebatu eta hobetu zuen bere teknika. Ondoren, berriz, Maciej Pikulski maisuarekin aritu zen. Dena dela, Alberto Zedda zuzendariaren bidez sartu zen Pesaroko akademiara, eta horri esker lortu zuen nazioarteko debuta egitea.
Euskal Herriko estreinaldia, berriz, Bilboko Arriaga antzokian egin zuen, 2016an bertan. Rossiniren La Cenerentola, ossia la bonta in triunfo operan parte hartu zuen Don Ramiro printzearen rolean. Ordutik aurrera, mundu osoko antzoki eta jaialdietan rossiniar eta donizettiar pertsonaia nagusiak interpretatzeari ekin zion. Horien artean, aipatzeko rolak dira Conte Almaviva (El Barbero de Sevilla), Fenton (Falstaff), Lindoro (La italiana en Argel) Lord Arturo (Luicia de Lammermoor), Ernesto (Ricciardo e Zoraide), Leicester (Il Castello di Kenilworth), Gennao (Lucrezia Borgia), Nemorino (El elixir del amor) eta Ernesto (Don Pasquale).
Agertokiei dagokienez, nazioarteko esanguratsuetako asko zapaldu ditu. Hala nola, San Petersburgoko Mikhailovski, Budapesteko Mupa, Buenos Airesko Colon, Veronako Antzoki Filarmonikoa, Vienako Musikverein, Bergamoko Donizetti Opera Jaialdia, Hanburgoko Estatu Opera, Paduko Verdi Antzokia, Parisko Opera eta Pekingo Arte Eszenikoen Zentro Nazionala.
Saritua
Anduagak hainbat sari jaso ditu debuta egin zuenetik. 2019an, lehen saria eta zarzuela saria lortu zituen Operalia Lehiaketan. 2021ean, berriz, International Opera Award saria eskuratu zuen —Oscar sariekin alderatu daitekeena–, 2020ko abeslari gazte onenaren kategorian. Aurten, Donostiaren aitortza jaso du, Urrezko Danborrarekin.
