«Alkate jauna, indartu baliabideak mesedez, hemen merezi duen jendea dago»
Kale egoeran dagoen pertsona batek hitz egin du Jolastokietako 4. pabiloian bizi diren pertsonen izenean.
Pertsona batek hitz egin du Jolastokietako 4. pabiloian bizi diren gazteen izenean.Inaxio Esnaola Astelehenean kaleratuko dituztenei ahotsa eman diete Zardoya eremuan agerraldia egin duten eragileek. Pertsona horien izenean hitz egin duenak irtenbide bat emateko eskatu dio Donostiako Udalari eta Jon Insausti alkateari. “Alkate jauna, indartu baliabideak mesedez, hemen merezi duen jendea dago. Legea urratzen dutenengatik baztertzen gaituzue, eta guk lan egin nahi dugu bizitzeko. Ez da bidezkoa”, adierazi du.
Aurreikusitako kaleratzea “lotsagarria” dela esan du, modu horretan pabiloian bizi diren gazteak “legea urratzera bultzatzen” dituztelako. “Hona datozen askok lan egin nahi dute, bizitza proiektu bat garatzeko eta familiari dirua bidaltzeko”, gaineratu du. “Zerbait bidezkoa da eskatzen dudana, hein batean, Martutenen bizi zirenekin egin zutena”.
Haren egoera pertsonalari buruz ere hitz egin du: “25 urte daramatzat estatuan bizitzen, eta bost bat Donostian. Une honetan, kale egoeran nago ni ere. Ez dit inork lagundu. Hamabost urte ditut kotizatuta, eta lanean aritu naiz han eta hemen; Kursaalean, Parte Zaharrean, Antiguan, Garberan lan egin dut. Pasa den udara arte, aterpetxe batean nengoen, baina handik bota ninduten. Uda izanik, ez nuen gelarik topatu, Donostia hiri turistikoa delako”.
Hotza
Negua dela eta, gauetan hotz asko egiten duela nabarmendu du. “Jendeak ez daki zer den kalean bizitzea. Gainera, hotz askoko gauak pasatzen ari gara, eta ilegala izan behar da hotz honekin jendea kalean lotan uztea”, azaldu du. Horregatik, udalak baliabideak indartzea “ezinbestekoa” dela berretsi du.
