Jolastokietako 4. pabiloian bizi diren 30 pertsona inguru «kale gorrian» utziko dituztela salatu dute
Astelehenerako, hilaren 26rako, aurreikusita dagoen etxegabetzeari udalak irtenbide "erreal bat" ematea eskatu dute hamaika eragilek, Herrerako Zardoya eremuan egindako agerraldian.
Hamaika eragiletako ordezkariak eta Jolastokietako 4. pabiloian bizi diren gazteetako batzuk, agerraldiaren ostean.Inaxio Esnaola Martuteneko Agustindarren egoitzarekin gertatu zen moduan, Herrerako Zardoya Otis eremuan dauden eraikin eta pabiloi guztiak hustuko dituzte, kasu honetan, etxebizitzak egiteko. Lehen eraikina, Jolastokietako 4. pabiloia, etzi hustuko dute. Ondorioz, eraikin horretan bizi diren 30 pertsona inguru kaleratuko dituzte. Hori salatzeko, Donostiako hamaika eragilek agerraldia egin dute gaur eguerdian, Zardoyako eremuan. Kaleratuko dituzten hainbat gaztek ere parte hartu dute.
Jolastokietako 4. pabiloian bizi diren pertsonak “kale gorrian” utziko dituztela deitoratu dute, eta egoerak “okerrera” egin dezakeela adierazi dute: “Zardoya eremuan dauden bost eraikinak kaleratzeko aginduaren zain daude, eta horrek lehenago edo beranduago 200 pertsona inguru kale egoeran gelditzeko arriskua areagotzen du, inolako alternatiba errealik gabe”.
Eragileen esanetan, egoera hau ez da “kasu isolatu bat”. “Donostian gero eta ohikoagoa da etxegabetzeak modu azkar eta isilean gauzatzea, pertsonen egoera soziala edo ekonomikoa kontuan hartu gabe, eta benetako alternatibarik eskaini gabe. Horren adibide argia da iazko abenduan Martutenen gertatutako kaleratzea”, azaldu dute.
Prozesu judiziala duela urtebete hasi zela gogoratu dute: “Prozesuaren erdian jabe aldaketa egon da, baina, epaileak ez du eraikina dagoeneko jabea ez den pertsonari itzultzeko prozesua gelditu. Azken bi asteetan, Donostiako Harrera Sareak eta norbanako antolatuek akonpainamendu juridiko eta soziala eskaini diete bertan bizi diren pertsonei, etxegabetzea geldiarazteko ahaleginean, gainera pertsona berriak identifikatzen ahalegindu dira eta ez diete utzi. Azpimarratu behar dugu epaitegian kaleratzea gelditzeko eskaera egin dela, eta, aldi berean, justizia doakoa eskatzeko saiakera egin da. Epaileak zein jabetza berriak egoera aztertu beharrean aurrera egitea erabaki dute”.
Gaineratu dutenez, etxegabetze data jarrita zegoela argudiatuta, han bizi diren pertsonei ez diete doako justizia eskatzeko aukerarik eman. “Horrek, praktikan, pertsona hauei beren burua juridikoki defendatzeko eskubidea ukatzea dakar, eta berriro ere agerian uzten du sistemak baliabide ekonomikorik ez duten pertsonak zein zaurgarritasun egoeratan uzten dituen”.
Promotore pribatua
Testuinguru horretan, eragileek jakinarazi dute Jolastokietako 4. pabiloia promotore pribatu batek erosi duela, eta Herrerako eremu osoan eraikinak jabe ezberdinen esku daudela. “Jabe hauek ez dute inolako arazorik izan bertan bizi diren pertsonak kaleratzeko, eta argi geratzen da etxebizitza negozio huts gisa ulertzen dutela, pertsonen bizitzen gainetik”, kritikatu dute.
Bestalde, kaleratze honetan, Poliziak Donostiako Udalaren “konplizitatea” duela ohartarazi dute: “Polizia indar ezberdinen elkarlanaren bidez kanporatze aginduak emateko, dokumentazioa errekisatzeko eta, azkenean, kanporatze prozedurak eragin ditzaketen tramiteak abiarazteko arriskua dago. Eta hori, sistematikoki jasaten duten indarkeriaren aurpegi bat besterik ez da”.
Loiolako etxegabetze saiakera
Agerraldia bukatu aurretik, eragileek adierazi dute atzo Udaltzaingoak hainbat pertsona haien bizitokitik bota nahi izan zituela Loiolan, “hurrengo egunetan kaleratzeko mehatxua eginez”. Egoera hori ez dela berria gehitu dute: “Ikusten dugu nola Donostiako Udalak kale egoeran dauden pertsonak espazio publikotik sistematikoki botatzen dituen, baina esan dugun bezala inolako alternatibarik eskaini gabe”.
Eragileak
Asteleheneko kaleratzea salatzeko bat egin duten eragileak hauek dira: Donostiako Harrera Sarea, Kaleko Afari Solidarioak, Herripe Auzo Elkartea, Altza XXI Herri Ekimena, Saretxe Etxebizitza Sindikatua, Guztiontzako Egia Auzotar Sarea, Ehgam Gipuzkoa, Donostiako Asanblada Antiarrazista, Jardun Koordinadora, CNT, Steilas, LAB, Amara Berri Ehuntzen, Donostiako Bilgune Feminista, Martuteneko Harrera Taldea, Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Basajaun Elkartea eta Bizilagunekin plataforma.

