Realak bigarren postua nahi du
Bi talde txuri-urdinen asteburua borobila izan da. Emakumezkoek Eibarren kontrako euskal derbia irabazi zuten (3-0), eta gizonezkoek Celta hartu zuten mendean (3-1).
Realeko neskak Intzaren gola ospatzen, Zubietan.Reala Futbolean inertzia onak eta txarrak daude. Hori da kirolaren legea. Une honetan, Realeko maila goreneko bi taldeak bolada onean dira. Tira, neskak oso onean. Atzo, gipuzkoarren arteko derbia jokatu zen Zubietan, Realaren eta Eibarren artean. Txuri-urdinek asmatu zuten erasoan, eta dirudiena baino gehiago kostatu zitzaien armaginak mendean hartzea (3-0). Intza Egigurenek, eta Eibarko bi jokalarik —tartean, Ane Etxezarreta Realeko atzelari ohiak– haien atean egin zituzten golak. Garaipenari esker, sailkapen nagusiko bigarren tokia gertuago dute.
Realeko mutilek, berriz, beste balentria bat lortu zuten Anoetan, zaleen aurrean. Celtari irabazi zioten atzo (3-1), baina bigarren zati osoa jokalari bat gutxiagorekin jokatuta. Caleta-Car atzelariak akats larria egin zuen lehen zatian, falta itsusi batengatik txartel gorria atera ziotelako. Dena dela, neurketako protagonista nagusia Mikel Oiartzabal kapitaina izan zen. Bi gol egin zituen, hamaika baloi lapurtu zituen, eta dena eman zuen Pellegrino Matarazzo entrenatzaile estatubatuarraren aro apartak jarraipena izan dezan. Realak oraindik ez du galdu berarekin. Hirugarren gola Braisek egin zion bere talde ohiari, Odriozolak beharturiko penalti baten bidez. Atzo lorturiko hiru puntuei esker jaitsiera postuetatik urrundu da taldea, eta gertuago daude Europako ohorezko tokiak.
Eskubaloian, Bera Berak amore eman behar izan zuen Kanaria Handiaren kontra, gutxigatik izan bazen ere (25-24). Bolada oso onean daude kanariarrak, eta hori bera baliatu zuten talde donostiarra menderatzeko. Horrela ere, sailkapeneko lehen postuan jarraitzen dute, nahiz eta puntu bakarrera hurbildu diren kanariarrak.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek merezi gabeko astindua jaso zuen Gaska kiroldegian, Avenidaren kontrakoan (61-80). Ezinean aritu ziren laurden guztietan, eta bukaerako markagailua alde handia erakusten duen arren, bi taldeen maila nahiko parekoa da. Salamancan Ibaeta Basketek eman zuen ezusteko haiei irabazita, baina Gaskan ez zen posible izan.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko taldeek bale eta kale egin dute asteburuan. Mutilen taldeak nahiko erraz gainditu zuen Andorra, Anoetako izotz jauregian (8-1). Neskek, ordea, intoxikazio bat tarteko, ez ziren gai izan Puigcerdari irabazteko (6-1).
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 17. jardunaldia
- Reala 3 – Eibar 0
Gizonezkoen liga, 21. jardunaldia
- Reala 3 – Celta 1
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 16. jardunaldia
- Kanaria Handia 25 – Bera Bera 24
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 18. jardunaldia
- Ibaeta Basket 61 – Avenida 80
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 16. jardunaldia
- Txuri Urdin 8 – Andorra 1
Emakumezkoen liga, 13. jardunaldia
- Puigcerda 6 – Txuri Urdin 1
