Elkarretaratzea egin dute, Herrerako eta Loiolako kaleratzeak salatzeko
Hainbat eragilek elkarretaratzea egin zuten atzo, hilak 26, Herrerako Zardoya eremuko eta Loiolako kaleratzeak salatzeko. Saretxe Atzo hustu zuen poliziak Herrerako Zardoya Otis eremuko pabiloi bat, eta 31 pertsona kalean utzi zituen horrek. Hala ere, egoeraren larritasuna adierazi nahi izan dute zenbait eragilek, eremu horretako eraikin guztiak daudelako kaleratzeko arriskuan, eta horrek, 200 pertsona kaleratzea dakar. Hala, elkarretaratzea egin dute Donostiako Harrera Sareak, KAS taldeak, Herripe Auzo Elkarteak, Altza XXI Herri Ekimenak, Saretxe Etxebizitza Sindikatuak, Guztiontzako Egia Auzotar Sareak, Jardun Koordinadorak, Ehgam Gipuzkoak, Donostialdeko Asanblada Antiarrazistak, CNTk, Steilasek, LABek, Amara Berri Ehuntzenek, Donostiko Bilgune Feministak, Martuteneko Harrera Taldeak, Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Basajaun Elkarteak eta Bizilagunekin plataformak.
09:30erako zegoen aurreikusita kaleratzea, baina 08:00etan iritsi da Ertzaintza bertara; hala ere, pabiloian bizi ziren pertsonak ez zeuden bertan, honezkero; beren kabuz joatea erabaki dute, azkenean. Halaber, eragileek antolatuta zegoen polizia dispositiboa salatu nahi izan dute, “ertzain kopuru handia, udaltzain batzuk eta Espainiako Poliziako zenbait agente” ikusi zituztelako, “elkarlanean”.
Loiolan, ere bai
“Donostiako Udalak kale egoeran dauden pertsonak espazio publikotik sistematikoki botatzen ditu, inolako alternatibarik eskaini gabe”, salatu dute eragileek. Izan ere, bizitzen ari ziren tokitik kaleratu ditu poliziak hainbat pertsona gaur, Loiolan, baita ere.
500 pertsona dira, Donostian eta gaur egun, kalean bizi direnak. Hala, eragileen ustez, kale egoerari aurre egiteko eskaintzen diren alternatibak “oso urriak” dira; hiru hilean behin, bost gau pasatzea aterpe batean, esaterako. Eta hori eta gero, kalean, berriro ere.
Errealitatea ezkutatzea
Egoera honen aurrean, udalak “errealitatea ezkutatzen duela” diote aipaturiko gizarte eragileek, fokua “segurtasunaren auzian” jartzen baitute. Errealitate hori da, esaterako, bi pertsona hil direla negu honetan, kale egoeran, Donostian.
Egoera “arazo larri eta estruktural bat” da hau, eragileen hitzetan. “Atzerritarren legearen ondorioz kaleratu dituzte Herreratik, eta pertsona horiek bi urte pasatu behar dituzte irregulartasunean, oinarrizko bizi baldintzarik gabe, lan baimenik gabe —eta abar—”. Etxebizitza eskubide izan beharrean “espekulaziorako eta etekin ekonomikoak lortzeko tresna” bihurtu dutela salatu dute; jabeek ez dute trabarik ikusi inor kaleratzeko: “Horrek agerian uzten du etxebizitza negozio gisa ulertzen dutela”. Instituzioei dagokienez, irtenbidea eman beharrean “egoera luzatzen ari direla” diote.
Udalarekin talka
Udalaren arabera, hogei bat pertsonarekin jarri dira harremanetan eta pertsona horietatik guztietatik gizarteratze eta laneratze prozesua onartu dutenei baliabideak eskaini dizkiete, Gizarte Zerbitzuen bidez. Eragileek, ordea, “migratzaileen inguruko ikuspegi kriminizatzailea” ikusten dute bertan. Gainera, udalaren hitzak gezurtatu nahi izan dituzte: “Alkateak esan duenetik urrun, zazpi pertsonari soilik eman diote lekua La Sirena aterpetxean”.
Azpimarratu nahi izan dute, horrez gain, arrazismoa areagotzen ari dela Donostian, eta hori, “gazte migratu eta arrazializatuek jasaten duten gorroto eta deshumanizazioaren” ondorio argia dela. Amaitzeko, eragileek nabarmendu dute kaleratzeek pertsona hauek bizi dituzten baldintzak okertzea baino ez duela ekarriko, eta etxebizitza duina bermatzea exijitzen dute.
