Realak historia errepikatu du bosgarren kopa irabazita
1987ko finalean gertatu zen moduan, txuri-urdinek Atletico Madril menderatu dute penaltietan, Sevillako La Cartuja futbol zelaian.
Realak kopa altxatu duen momentua, La Cartujan.Reala Horrela izan behar zuen, Aitor. Realak bere historiako bosgarren Espainiako Kopa eskuratu du, gizonezkoen laugarrena (1909, 1987, 2020 eta 2026), eta emakumezkoena ahaztu gabe (2019). Bost urte dira aurreko kopa garaipenetik, eta 39 urte luze pasatu dira horrenbeste antzekotasun zituen apirilaren 18ko finalarekin. Esan eta izan, txuri-urdinek historia errepikatu dute, eta dagoeneko ezin da esan kasualitatea denik.
Finalerdietan arerio bera eta antzera gainditu ostean, Aitor, finalean Atletico Madril zuen zain Realak. Ordea, beste zelai batean, Sevillako La Cartujan, baina bero eta hezetasun maila bertsuarekin. Izan ere, 1987ko kopako finalean ere asko izerditu zuten jokalariek eta zaleek. Eta bai, atzo gauean ere. Aurrekari horiekin, finalak hainbat norabide har zitzakeen, baina pixkanaka eta poliki-poliki iragana berreskuratu zuen. Noski, Pellegrino Matarazzo entrenatzaile estatubatuarraren gidaritzapean.
Neurketa hasi orduko, minutua bete gabe zela, Guedesek erdiraketa neurtua bidali zion Barrenetxeari, eta honek buruz ate barrura bidali zuen baloia (0-1). Hamahirugarren segunduan izan zen, eta sekulako pozarekin ospatu zuten La Cartujan zeuden milaka realzalek. Aitor, zoramena harmailetan, eta zu hor. 1987ko finalean ere Reala aurreratu zen markagailuan.
Asko maite duenak, asko sufritzen du Aitor, eta argi zegoen ez zela norgehiagoka erraza izango. Lookman bizkorrak hainbat saiakera egin zituen zirrikituren bat topatzeko, eta Realaren defentsari bizkarra emateko. Halako batean, lortu zuen, eta 19,. minutuan egin zuen berdinketaren gola (1-1). La Romaredan ere berdintzea lortu zuten.
Une horretan, joan-etorriko neurketa bihurtu zen, Reala ondo aritu zen azken metroetan, baina abantaila aurkariaren atezainak eragin zuen. Mussok baloia urruntzeko ahaleginean, Guedes kolpatu zuen, eta epaileak penaltia adierazi zuen. Oiartzabal kapitainak ez zuen hutsik egin, Aitor. Beraz, Reala gol bateko errentarekin joan zen atsedenaldira (1-2). Hau da, Zaragozan gertatu zen moduan.
Bigarren zatian nahi eta ezin aritu ziren txuri-urdinak. Baloirik gabe eta Atletico Madrilen menpe. Emaitzari eusten ahalegindu zen taldea, baina aldaketak aldaketa, arerioaren kontroletik ihes egin ezinda geratu zen. Eta, noski, esperotakoa gertatu zen, Aitor. Antzeko jokaldi batean, Julian Alvarezek izkin egin zion Realaren defentsari, eta berdinketa berrezarri zuen. Bitxia bada ere, 1987an bigarren zati txarra jokatu zuten txuri-urdinek, eta emaitza berberarekin iritsi ziren luzapenera (2-2).
Idatzitako gidoi haren hurrengo kapitulua penaltiena behar zuela irakurri genuen. Ordu erdi gehiago jokatu arren, golik ez zen izan, aukerak izan baziren ere. Bi taldeen partetik, gainera. Baina ez, Aitor, penaltietan erabaki behar zela argi geratu zen. Berriz ere atzera begira geratu ginen, aurrera egiteko. La Romaredan lortu bazen, La Cartujan zergatik ez?
Zozketak mesede egin zion Realari, eta penaltiak zale txuri-urdinak zeuden aldean botatzea erabaki ahal izan zuten. Hori erabakigarria izango zela pentsatu genuen, Aitor, eta ez geunden batera oker. Lehen bi penaltiak maisutasun osoz gelditu zituen Marrerok, eta garaipenaren gola Marinek egin zuen; 3-4, penaltian. Bai, Aitor, Zaragozan gertatu zen ia modu berean.
Txuri-urdinen harmailak eztanda egin zuen, 2021eko finaleko garaipena bizitzeko, ospatzeko eta gozatzeko aukerarik izan ez zelako. Eta zuri Aitor, Realarekin tituluak bizitzeko, ospatzeko eta gozatzeko aukera kendu zizutelako. Beraz, hau zuregatik eta zuretzako da Aitor Zabaleta.
FITXA TEKNIKOA:
Atletico Madril 2 – Reala 2 (3-4)
Atletico Madril. Musso, Molina (Cardoso, 78. min.), Pubill, Le Normand, Ruggeri (Nico Gonzalez, 62. min.), Giuliano (Baena, 70. min.), Koke, Marcos Llorente (Lenglet, 99. min.), Lookman (Sorloth, 62. min.), Julian Alvarez eta Griezmann (Almada, 70. min.).
Reala. Unai Marrero, Jon Mikel Aramburu (Aritz Elustondo, 113. min.), Duje Caleta-Car, Jon Martin, Sergio Gomez (Take Kubo, 88. min.), Beñat Turrientes (Jon Gorrotxategi, 68. min.), Carlos Soler, Luca Sucic, Ander Barrenetxea (Pablo Marin, 68. min.), Gonçalo Guedes (Aihen Muñoz, 78. min.) eta Mikel Oiartzabal (Orri Oskarsson, 78. min.).
Golak. 0-1: Barrenetxeak (1. min.); 1-1: Lookmanek (19. min.). 1-2: Oiartzabalek, penaltiz (46. min.). 2-2: Julian Alvarezek (83. min.).
Epailea. Javier Alberola. Txartel horia erakutsi die Atletico Madrileko Le Normandi eta Mussori, eta Realeko Oiartzabali, Gorrotxategiri eta Elustondori.
