Insaustik jakinarazi du Loiolako militar gehienak Gasteizera eramango dituztela
Loiolako kuartelen ikuspegi orokorra.Donostiako Udala Loiolako kuartelak egungo hipikako lursailetara lekualdatzea onartu du Espainiako Defentsa Ministerioak. Erabaki horren inguruko balorazioa eskaini du Jon Insausti alkateak gaurko Tokiko Gobernu Batzorde osteko agerraldian. “Albiste oso ona da, hiria egiten jarraituko dugulako, eta donostiarrei etxebizitza aukera berriak eskainiko dizkiegulako”, nabarmendu du Insaustik.
Lekualdaketa gertatu bitartean, udalak Loiolako kuartelen lursailean sortuko den auzo berria “diseinatzen” jarraituko duela gaineratu du. Horrekin batera, egun kuarteletan dauden militarren etorkizunari buruzko informazioa eman du: “Atzo, Ramon Diazen omenaldian, kuarteletako arduradunarekin izan nintzen. Berak esan zidan militar gehienak Gasteizera eramango dituztela, eta gutxi batzuk geratuko direla hipikan eraikiko duten kuartelean”.
Ideia lehiaketa
Loiolako kuarteletako etxebizitza garapenari buruzko ideia lehiaketa bat egingo dutela aurreratu du Insaustik. “Aurten, auzoaren argazki bat izango dugu, eta azken militarra joan bezain pronto, eremuan lanean hasteko asmoa dugu”, azaldu du.


