Txuri Urdineko kideak ondo daude, Puigcerdan karbono monoxidoa arnasteagatik pozoitu ondoren
Klubak neurriak hartzeko eskatuko dio Espainiako Izotz Hockeyko Federazioari, halakorik berriz gertatu ez dadin.
Puigcerdako kiroldegian artatu zituzten pozoituriko pertsonak, urtarrilaren 25ean.Txuri Urdin Txuri Urdineko neskek jardunaldi bikoitza jokatu zuten asteburuan, Puigcerdan (Katalunia), hango taldearen kontra. Larunbatean irabazi eta igandean galdu egin zuten, baina emaitzez haragoko ezbeharra sortu zen bigarren partida jokatu ostean. Puigcerdako kiroldegia hustu behar izan zuten karbono monoxido asko zegoelako kirol instalazioetan. Antza denez, izotza zapaltzeko makinak gas ihes bat izan zuen.
35 lagun artatu behar izan zituzten karbono monoxidoa arnasteagatik, eta arrazoi beragatik, ospitalera eraman zuten Txuri Urdineko jokalari bat. Dena dela, ordu gutxira jaso zuen senda agiria. Guztira, 200 bat pertsona atera behar izan zituzten Puigcerdaren kiroldegitik, eta hamar anbulantzia behar izan zituzten zaurituak artatzeko.
Bueltako bidaian, Txuri Urdineko hainbat kideren egoerak okerrera egin zuen, eta Bartzelonako ospitalera bateko larrialdietara joan behar izan zuten. Batez ere, arnasketa arazoak eta bularraldean mina zutelako. Zehazki, hamar lagun artatu eta ingresatu behar izan zituzten Moises Broggi de Sant Joan de Espi ospitalean; zortzi jokalari, entrenatzailea eta masajista. Kamara hiperbariko batean sartu eta sendatu zituzten.
Jon Insausti alkateak ezbeharrari erreferentzia egin dio Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan. Irene Senac entrenatzailearekin hitz egin duela adierazi du, eta kutsatu ziren kide guztiak ondo daudela jakinarazi dio.
Federazioari kexa
Gertaturikoaren aurrean, Txuri Urdin klubak neurriak hartzeko eskatuko dio Espainiako Izotz Hockeyko Federazioari. Batez ere, ez delako lehen aldia horrelako zerbait gertatzen dela Puigcerdako kiroldegian. Karbono monoxidoarekin pozoitu diren beste pertsona batzuen kasuak daude.


