Udalak 'Aukerak' programa abiatu du etxerik gabeko pertsonei baliabideak eskaintzeko
Jon Insausti alkateak adierazi du "errealitate konplexu honi aurrez aurre" erantzun behar zaiola, "'buenismoak' eta populismoak albo batera utzita".
Jon Insausti alkatea, udaletxeko prentsa aretoan.Donostiako Udala Herrerako Zardoya eremuko kaleratzearen biharamunean, Jon Insausti alkateak Aukerak izeneko programa aurkeztu du. Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak garatu du, alkateak hala eskatuta, eta, adierazi duenez, “gizarteratzeko eta laneratzeko borondatea duten etxerik gabeko pertsonei baliabideak eskaintzeko”.
Donostiak hiri gisa “eredu propio” bat landuko zuela iragarri zuen alkateak, Martuteneko kaleratzearen ondoren. Hori bera da Aukerak programa: “Martuteneko arazoa sortu zenean, errealitate konplexu honi aurrez aurre erantzun behar zaiola esan nuen, buenismoak eta populismoak albo batera utzita. Gure jarrera humanista eta exijentea izango da. Martutenen egin genuen, eta Herreran ere egiten ari gara”. Donostian garatu duen programa hau datozen urtetan “erreferente” bihurtuko dela ziurtatu du.
Atzoko kaleratzearen harira, alkateak esan du aurreko egunetan gizarte hezitzaileek eremuan bizi ziren pertsonak artatu zituztela. “Atzo pertsona asko ez ziren geratzen, lanketa egina zegoelako”, nabarmendu du. Horrekin batera, han artaturiko pertsonei “baldintza batzuk betetzeko” eskatu dietela adierazi du: “Elkarbizitzaren alde egitea, eta gizarteratzea profesionala eta formakuntza esparrukoa izatea. Martuteneko hainbat pertsonek baldintza horiek betetzea lortu genuen, eta Herreran ere”.
Herreran artaturiko pertsona kopuruari dagokionez, Insaustik ez du datu zehatzik eman: “Esan nahi dudan gauza bakarra da La Sirena aterpetxera joan direla, Martuteneko gehiengoarekin gertatu moduan. Kopurua ez dut esan nahi, ez direlako zenbakiak, pertsonak baizik”.
“Zaurgarriak eta delitugileak”
Herreran bizi diren pertsonen profilen bereizketa egin du alkateak. Bi eratakoak direla nabarmendu du: “pertsona zaurgarriak eta delitugileak”. Horren harira, Insaustik esan du “gizartea adinez nagusi dela”, eta badakiela eremu horietan “zer gertatzen den”: “Udaltzaingoa azken bi urtetan hainbatetan joan izana, esanguratsua da. Datu gordinak eta zehatzak daude. Profil zaurgarriak bazeuden, eta badaude beste batzuk hirian elkarbizitza nahi ez dutenak; delitugileak. Horrek ere behar du bere erantzuna”.
Hori dela eta, alkateak gogoratu du Espainiako Justizia Ministroari gutuna idatzi ziola alkatetza hartu berritan: “Delitu berberak behin eta berriz errepikatzen dituztenei zigor gogorragoak jartzeko eskatu nion”. Ildo horretatik, Espainiako Kongresuan kode penala aldatzeko lanketa prozesu bat abiatu duela gaineratu du.
“Ez da nahikoa”
Insaustiren ustez, baliabideak soilik Donostiak jartzearekin “ez da nahikoa”. Gaineratu duenez, Donostia “hiri solidarioa” da, eta legeak eskatzen duena baino “gehiago” jartzen du. “Beraz, inguruko udalerriei laguntza eskatzen diegu, eta baita Gipuzkoako Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari ere. Hiri honek asistentzia aldetik goia jo du. Baliabideak jar ditzakegu, baina finituak dira. Sabaia jo dugu esparru askotan”, deitoratu du.


