Carolina Marin eta Cisco Garcia nabarmenduko ditu Donostia Kirolak
'Donostia sasoian' eta 'Bidelagun' programen aurkezpena, udaletxeko prentsa aretoan.Donostia Kirola Donostia Kirolak Donostia sasoian eta Bidelagun programak aurkeztu ditu. Bi jarduera ildo berri horiek bizitza osasungarria sustatzeko eta kirola gizarte eraldaketarako tresna gisa finkatzeko udal estrategia indartzen dutela diote.
Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziaren arabera, programa horiek “aurrerapauso bat dira” Donostian kirola ulertzeko moduari dagokionez: “Ez gara ari jarduera fisikoaz bakarrik, baizik eta osasunaz, ongizateaz, bizikidetzaz eta balioez. Kirola pertsona guztientzako espazio segurua, irisgarria eta hezigarria izatea nahi dugu, eta programa horiek norabide horretan aurrera egiten laguntzen digute”.
Programa hauen bidez, Carolina Marin eta Cisco Garcia kirolari erreferenteak nabarmenduko ditu Donostia Kirolak. “Haien presentziak indartu egiten du kirola bizitzak eraldatzeko, inspiratzeko eta herritarrei beren ongizate fisiko eta emozionalean lagun egiteko tresna boteretsua dela dioen mezua”, azaldu du Gabarainek.
‘Donostia sasoian’
Herritarren ongizate fisiko eta emozionala bultzatzeko erreferentziazko estrategia gisa finkatu dute Donostia sasoian programa. Adin guztietako pertsonei zuzendutako programak, zerbitzuak eta jarduerak biltzen ditu, osasuna ikuspegi integral batetik hobetzeko tresna irisgarriak eskaintzeko.
Haren oinarrien artean Piztu izenekoa dago, Osakidetzarekin batera pertsona ez-aktiboen artean jarduera fisikoa sustatzeko garatutako ekimen aitzindaria. Programa Donostiako osasun zentro guztietan dago ezarrita, 4.000 kirol errezeta baino gehiago ditu, eta osasun taldeekin osatzen da. Talde horietan, 1.200 bat pertsonak parte hartzen dute urtero.
Bestalde, otsailetik aurrera osasun mentalari eta kirolari buruzko hitzaldi ziklo bat jarriko dute abian. Lehen saioa otsailaren 5ean izango da, Tabakaleran, eta Cisco Garcia hizlari eta tenislari paralinpiarrak emango du, El deporte como elemento transformador de vidas (Kirola bizitzak eraldatzeko elementu gisa) izenburupean. Gainera, Ibon Oregi eta Olaia Martinez kirolariekin mahai-inguru bat ere egingo dute.
Beste hitzaldi hauek ere emango dira zikloaren barruan:
- Martxoa: Javier Garcia Campayo, psikiatriako irakaslea; El poder de la mente en el deporte (Adimenaren boterea kirolean).
- Apirila: Diego Emilio Redolar, neurozientzietako doktorea; Ejercicio terapéutico en rehabilitación neurológica (Ariketa terapeutikoa errehabilitazio neurologikoan).
- Maiatza-ekaina: Carolina Marin, badmintoneko jokalari profesionala; Depresión, ansiedad y gestión de expectativas, los mayores enemigos de los y las deportistas (Depresioa, antsietatea eta itxaropenen kudeaketa, kirolarien etsai handienak).
‘Bidelagun’
Kirola benetako balio eskola bat dela da Bidelagun programaren abiapuntua; errespetuan, adiskidetasunean eta batera gozatzean oinarritzen dena. Kirola inklusioaren, berdintasunaren eta elkartasunaren eragile gisa indartzea du helburu.
Lehenengo fase honetan, programa bi jarduera ildoren inguruan egituratzen da. Lehena, familia eskola da. Programa egonkor bat da, sei hilean behin kirol-hezkuntzari lotutako gai bati helduko diona. Saioak hiriko zazpi eremutan egingo dira, prestakuntza auzoetara hurbiltzeko. Lehenengo gaia familien eta adingabeen itxaropenen kudeaketa izango da, Gorka Acebal coach eta aholkulari espezializatuak emana.
Bigarrena, berriz, kirol egokiturako bekak dira. Rural Kutxak beka programa bat jarri du abian kirol egokituko eliteko kirolariei laguntzeko, oztopo ekonomikoak eta sozialak murriztuz. Lehenengo edizio honetan, Ander Cepas, Iñigo Llopis, Nahia Zudaire, Fernando Mitxelena eta Olaia Martinez eremu paralinpikoko erreferentziazko kirolariak izan dira bekadunak.


