Gipuzkoako adinekoen egoitzetako negoziazio mahaia bertan behera utzi du patronalak
ELA eta LAB sindikatuek patronalaren jarrera salatu dute, bakoitzak bere aldetik, eta Gipuzkoako Aldundiari arduraz jokatzeko eskatu diote.
Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileen manifestazio bat.Beñat Parra Hitzarmen duinik gabe jarraitzen dute Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek. ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez, patronala ez da aurkeztu gaurko aurreikusita zegoen negoziazio mahaira. Patronalaren arabera, ez dago “eman beharreko informaziorik”.
Sindikatuek, bakoitzak bere aldetik, gertaturikoaren balorazioa egin dute. LABek patronalari egotzi dio “arduragabekeriaz” eta sektoreko langileekiko “jarrera mespretxagarriarekin” jokatzea. “Aldundiari eta patronalari deia luzatzen diegu, beraien ardura hartu dezaten, eta behingoz hitzarmenaren negoziazioari ekin, ratioak aldatu eta helduen egoitzen publifikazio prozesua beren gain har dezaten”, gaineratu dute.
ELAk, berriz, aldundiari eskatu dio haiekin “zuzenean biltzeko”, abenduko aurrekontu akordioan sindikatuekin elkartuko zirela adierazi zuelako erakundeak. “Denbora asko daramagu salatzen aldundiak ez duela lidergorik sektorean, eta gaurko mahaiarena beste adibide argi bat da. Patronala pultsu bat egiten ari zaio erakundeari, eta argi uzten du ez duela negoziatzeko inolako borondaterik”, nabarmendu dute.
Gogoratu behar da, abenduan adostu zuela EAJren eta PSE-EEen aldundiak aurrekontu akordioa Podemosekin. Horren arabera, 2026. urterako hamar milioi euro zehaztu zituzten adinekoen egoitzen hitzarmena adosteko. Egun gutxira, patronalak negoziazio mahaia deitu zuen, apiriletik blokeatuta egon ondoren. “Mahai hura hitzarmen honen beste kapitulu beltz bat izan zen. Bertan, patronala akordio batera iristeko asmorik gabe etorri zen, eta 2025erako KPIren tarifen igoera baino ez zuen berretsi. Bilera horren ostean, dagoeneko 16 greba egun egin ditu ELAk sektorean, eta 80 egun greba mugagabean dauden sei zahar egoitzek”, kritikatu du ELAk.
LABek, berriz, beraien proposamena zein den adierazi du: “zaintza lanak publifikatzea”. Zaintza lan horiek “ezinbestekoak” direla diote, eta, batez ere, zerbitzu publikoa. “Gainera, LABek argi du lan baldintzak okertzen dituena pribatizazioa dela: batzuek zaintzarekin negozioa egiten dute, eta ez dute eskaintza duinik langileontzat”, gaineratu dute. Ildo horretan, LABek behin baino gehiagotan proposatu dio ELAri elkarlanean aritzea, “argi baitugu elkarrekin indar handiagoa dutela eta langileek batasuna eta borroka gune bateratuak behar dituztela”. Ordea, ELAk proposamen horri uko egin dio.




