La Perla gunea bere horretan mantentzeko emakida 2045era arte berritu dute
La Perla gunea. Eusko Jaurlaritzak ontzat jo du La Perla gunearen emakida berritzea beste hogei urtez, 2045era bitarte. Erabakia atzo argitaratu zuen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA), eta, beraz, irmoa da. Hortaz, Donostiako Sustapenak aurkezturiko proposamena onartu dute. Emakida beste hamar urtez luzatzeko aukera ere jasotzen du; hau da, 2055era arte.
Lagapenak bere gain hartzen ditu talasoterapia, Bataplan diskoteka, Cafe de La Concha establezimendua, eta Donostiako Atletiko eta Eguzki kluben instalazioak. Orain, Donostiako Udalak lehiaketa publiko bidez adjudikatu beharko ditu gune horien erabilerak. Emakida berriak urteko 585.000 euroko kanona izango du.
Jon Insausti alkateak La Perla hiriko “sinbolo” bat dela nabarmendu du, eta guneak bere baitan dituen erabilerak “berritu” behar dituela. Hori bai, La Perlaren egungo eskaintza mantentzeko konpromisoa agertu du.
Gogoratu behar da, iazko apiriletik, Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kostaldeko zuzendaritza. Hori dela eta, La Perla gunearen emakida berritzeko prozesua udalaren eta Jaurlaritzaren artean bideratu dute.


