San Bartolomeko herritarren plataformak dio «partida irabazi» duela
Donostiako Udalak bihar San Bartolomeko magala behin betiko parke publiko bihurtzeko "urrats erabakigarria" egingo duela iragarri du Victor Lasak.
Odon Elorza eta Victor Lasa, udaletxean.Elkarrekin Donostia Gaur goizean, agerraldia egin dute Victor Lasa Elkarrekin Donostiako bozeramaileak eta Odon Elorza alkate ohiak. San Bartolomeko herritarren plataformako kide gisa hitz egin dute, albiste bat iragartzeko: “San Bartolomeko herritarren plataformak partida irabazi du”.
Lasak xehetasun gehiago eman ditu: “Donostiako Udalak bihar urrats erabakigarria egingo du San Bartolomeko magala behin betiko parke publiko bihur dadin bermatzeko, merkataritza gune bati edo lurpeko aparkaleku bati lotutako edozein hirigintza garapena baztertuz”.
Hain zuzen ere, San Bartolomeko magalaren etorkizunari buruzko kontrol mozio bat eztabaidatuko dute bihar, urtarrileko osoko bilkuran. Elkarrekin Donostiak aurkeztuko du, eta dagoeneko EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoa jasoko dutela aurreratu du Lasak. Gainera, PPk ere mozioaren hainbat puntu babestuko ditu, tartean, San Bartolomen soilik parke publiko bat jartzeko konpromisoari dagokiona.
“Mozioaren ardatz nagusia hiri antolamendurako plan orokorraren aldaketa puntuala da. Aldaketa horrek eremuan aurreikusitako hirugarren mailako erabilerak ezabatuko ditu, eta San Bartolome hirigintzaz blindatuko du tokiko espazio libreko sistema gisa, parke publikoaren erabilera esklusiboarekin. Horrela, etorkizunean ezin izango da planteatu berdegune bat sortzea eta mantentzea ez den bestelako jarduketarik”, azaldu du Lasak.
Bestalde, Odon Elorzari eskerrak eman dizkio Elkarrekin Donostiaren bozeramaileak: “Haren ekarpenik gabe, emaitza hau ezinezkoa litzateke. Hiriaren interes orokorrean oinarritutako irtenbidea sendotzen lagundu du”.


