Bizilagunak kontra egon arren, udalak argi berdea eman dio Loiolako Erriberako dorreen proiektuari
Loiolako Erriberako auzotarrak zuhaitzak landatzen. Gaurko udalbatzan Loiolako Erriberan dorreak eraikitzeko proiektuan urrats bat eman du Donostiako Udalak. Kalifikazioa aldatuta honakoa erabaki da: “6.850 m2-ko eraikigarritasuna esleitzea zuzkidura-bizitokietarako, lerrokadurak ezartzea eta bide-komunikazioko zerrenda bat lortzea”.
Bizilagunak, ordea, kexu dira eta hainbat alegazio aurkeztu dituzte gaurko udalbatzarako. Denak ukatuak izan dira. Auzo elkartearen izenean egindako alegazioetan, Plan Berezia Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Batzordeari “nahitaez” igorri behar zaiola adierazi dute, “Donostialdeko eta Bidasoa Behereko Lurralde Plan Partziala urratzen duelako, Paisaiaren Gidalerroak integratzeko aldaketan. Gidalerro horiek lurralde-maila handiagoko arauak dira, eta udal-hirigintza-plangintzari zuzenean eta lotesle aplikatzen zaizkio”.
Oroitu dute, baita ere, auzoko 1.200 bizilagunek proiektuaren kontra egin dutela, “berretsiz, erabaki horrek ez duela interes orokorrik, eta urratu egiten duela lurzatiaren jatorrizko xedea, auzoaren zerbitzura dagoen ekipamendu komunitario gisa”.
EH Bildu Alderdi Popularra ere kontra
EH Bilduko Ricardo Burutaranekin alegazioen ildotik jo du eta adierazi du kalifikazioa aldatzearen kontra daudela: “Auzoko ekipamendua zen lehen, eta, orain, hiriko ekipamendua”.
Honela, dorrek edukiko luketen kalitate akustikoa ekarri du Burutaranek, eta ziurtatu du fatxada bakar batek ere ez duela normatiba beteko. EH Bilduren izenean, zuzkidura etxebizitzak babestuko dituztela adierazi du Burutaranek, baina “kokapen zehatz horretan egitearen kontra” daudela, eta bestelako eremuak ere badaudela gogora ekarri du, hala nola, Martuteneko agustindarrak, Intxaurrondoko institutu meteorologikoa eta Ortzadarren sortuko den lurzoruan.


