Korrikarako prestaketan pausoak ematen dabiltza auzoetako euskara batzordeak
Hainbat auzotako batzordeetako kideak elkartu ziren atzo Irrintzi euskaltegian.Maitane Aldanondo Korrika martxoaren 25ean helduko da Donostiara eta auzoz auzo joango da Euskara gara! aldarria zabaltzen. Horretarako asteak falta badira ere, auzoetako euskara batzordeetan hasiak dira egun handi horretarako dena prestatzen.
Martutene, Loiola, Antigua, Parte Zaharra, Aiete… hainbat auzotako ordezkariak elkartu ziren asteazken arratsaldean Groseko Irrintzi euskaltegian. Korrikako Donostiako koordinatzaile Aitziber Otaegik zenbait jarraibide eta aholku eman zizkien, nagusiki, Korrika Kulturalaren antolaketari dagokionean, baina baita bestelako jarduerei lotuta ere. Esaterako, salmentarako materiala nola lortu, beharrezko baimenak, Korrika lagun eta Korrika laguntza nola egin, petoak nola eskuratu edota diru bilketa egiteko bideko berriak. Hamaika kontu txikiren berri eman zien Otegik, bakoitzak bere inguruan zabal dezan eta auzoz auzoko lanketa aurrera eraman ahal izateko.
Bidebietatik sartuta, hiri barruan egingo duen ibilbidea, kalez kale zein izango den ere banatu zien, ustezko ordutegiarekin batera. Lekuko hartzeen —hirian ez da inoiz kilometro izatera iritsi— salmenta abian dute, lehenik, aurreko urteetan ordaindu dutenei ematen diete aukera, eta ondoren, gainerako eragileei zabaltzen diete. Gutxieneko tartea, 300 metro izango da eta ezingo da erdia saldu.
Oraindik bada zer zehaztu eta erabaki, baina lehen urratsak egiten doaz. Egiten ari diren lan hori azalerazi eta jende gehiago batzera animatzeko, talde argazkia egin zuten partaideek, bakoitzak ordezkatzen duen auzoaren afixa eskuan.
Korrikak martxoaren 19tik 29ra bitartean Euskal Herria zeharkatuko du, Atharratzateik Bilbora. Donostian, esan bezala, martxoaren 25ean iritsiko da 08:00ak aldera, eta hainbat auzotatik pasatu ondoren, Añorgatik aterako da 13:00ak aldera. Ohiko legez, 40 bat kilometro egingo ditu hirian eta Otegik espero du jende askok parte hartzea “nahiz eta goizez izan eta ordutegi horretan”.


