Martxan da ERES Aurrera, «inpaktu soziala eta irisgarritasuna ardatz dituen ekintzailetza programa»
ERES Gipuzkoak martxan jarri du ERES Aurrera, inpaktu sozialeko ekintzailetza programa berria, “ideia, proiektu edo ekiteko gogoa duten pertsonei zuzendua”, eta hainbat arrazoirengatik ohiko ekintzailetza ibilbideetan bere tokia aurkitzen ez dutenentzat bereziki pentsatua.
Impact Hubeko kide den eta programaren kudeaketan dabilen Aida Soloresek azaldu duenez, honako programa hau “gizartearen behar batetik” sortu da programa: “Ikusten dugu pertsona guztiek ez dutela aukera berdina ekintzailetzarako. Ekosistemak gaur egun gabeziak ditu errealitate desberdinak barne hartzeko orduan”.
Honela, Soloresen arabera, “talentudun pertsona askok ez dute beren lekua aurkitzen ekintzailetza programa hegemonikoetan”. Izan baliabide ekonomiko, jatorri kultural edo bestelakoengatik, baztertuak diren horiei lekua egitea da egitasmoaren xedea: “Irisgarritasuna bilatzea, ekintzailetzara hurbiltzeko eta beraien ibilbide profesionaletan laguntzea”.
Programa doakoa izango da eta hamabost lagunek hartuko dute parte, Tabakaleran izango diren saioetan. Sorginlore, Impact Hub eta DOT arituko dira prozesua bideratzen, “ikuspegi humanitario, komunitario feminista eta intersekzional batetik”. Start-up eredua alboratu nahi dute, eta irabazi ekonomikoez harago, “zaintza eta pertsona erdigunean” jarriko duten proiektuak izatea nahiko lukete.
Izen ematea zabalik
ERES Aurrera gizartearen aniztasunari ekintzailetzaren ateak irekitzeko sortu da, laguntza-prozesu irisgarri, hurbil eta gizatiarra eskainiz. Programa bereziki zuzenduta dago “adinarekin, ikasketa mailarekin, lan esperientziarekin eta horien aitortzarekin, egoera ekonomikoarekin, jatorriarekin, genero identitatearekin edo genero disidentziarekin lotutako oztopoak bizi izan dituzten pertsonei”, besteak beste.
Programa otsaila eta ekaina bitartean garatuko da, Tabakaleran aurrez aurreko formatuan, eta 15 pertsonako talde txikia izango du, laguntza hurbila eta pertsonalizatua bermatzeko. Parte-hartzea doakoa da, jasotako babes instituzionalari esker.
ERES Aurrerak zazpi prestakuntza saio, bi taldeko topaketa eta amaierako ekitaldi bat uztartuko ditu, ekintzailetza prozesua pertsonaletik profesionalerako bidean lantzeko. Ibilbidean zehar, parte-hartzaileek honako gaiak landuko dituzte: “proiektuaren helburua, balio proposamena, ingurunearekiko begirada, negozio eredua, finantzak eta komunikazioa, betiere inpaktu sozialeko ikuspegi batetik”.
ERES Aurrera programarako izen-ematea eta informazio osoa eskuragarri da honako estekan.
