Pertsonez husten hasi dira Zardoyako eremua
Kale egoeran dauden pertsonekin lan egiten duten eragileek azaldu dutenez, 31 lagun bizi ziren husturiko pabiloian. Udalak, berriz, zazpiri eman die aterpe Ondarretako La Sirenan.
Herrerako pabiloien gunea Ertzaintzak itxita, astelehen goizean.Beñat Parra Atzera kontaketa hasi da. Herrerako Zardoya eremuko eraikin eta pabiloi guztiak husten hasi dira, ondoren dena eraitsi eta etxebizitza berriak eraikitzeko. Hori da Donostiako Udalaren asmoa eta kronograma. Gune horretan bizi diren eta ziren pertsonen etorkizuna, berriz, guztiz argitu gabe dago. Udalak baliabide guztiak eskura jarri ditu, eta horiek denak Aukerak izeneko programa berri baten barnean kokatu dituzte. Ordea, udalak berak aitortu du ez dela nahikoa kale egoeran dauden pertsonei laguntzeko. Diagnostiko horrekin bat egiten dute Zardoya eremuko pertsonei elkartasuna adierazi dieten hamaika gizarte eragileek.
Lehendabiziko kaleratzea astelehenean izan zen, hilaren 26an. Ertzaintzak Jolastokieta kaleko 4. zenbakiko pabiloia hustu zuen. Hainbat gizarte eragiletako kideak bertaratu ziren eta, azaldu zutenez, eraikin horretan 31 pertsona bizi ziren eta Donostiako Udalak horietako zazpiri eman die aterpe, La Sirena aterpetxean; gainontzekoak «kalean» gelditu direla salatu zuten. Udaleko iturriek, berriz, adierazi dute «hogei bat pertsonekin» harremanetan egon direla eta «gizarteratze eta laneratze ibilbidea onartu dutenei» baliabideak eskaini dizkietela udaleko Gizarte Zerbitzuek. Gogoratu behar da, ordea, iragan industrialeko eremu horretako pabiloietan 100-200 lagun inguru bizi direla guztira.
Pabiloi horretako jabeek eskatuta eta Donostiako epaitegi batek aginduta, 09:30erako zegoen aurreikusita asteleheneko kaleratzea, baina 08:00etarako Ertzaintza bertan zegoen. Ez zuten inor indarrez atera, eraikin horretan bizi ziren azkenak goizean goiz joan zirelako.
Harrera Sareko, Etxebizitza Sindikatu Sozialistako eta Saretxe Etxebizitza Sindikatuko kideek salatu zutenez, zazpiri aterpe eman badiete ere, «hori ez da irtenbide bat», La Sirena aterpetxea ez baita etxe bat, ezta epe luzerako aterpe bat ere.
Kaleratuen izenean
Pasa den larunbatean, Zardoya eremuko aurreko kaleratzea salatzeko, agerraldia egin zuten hamaika eragilek, lekuan bertan. Jolastokieta kaleko 4. pabiloian bizi ziren pertsona batzuek ere parte hartu zuten, eta haien izenean, kale egoeran dagoen beste pertsona batek hitz egin zuen. «Alkate jauna, indartu baliabideak, mesedez, hemen merezi duen jendea dago. Legea urratzen dutenengatik baztertzen gaituzue, eta guk lan egin nahi dugu bizitzeko. Ez da bidezkoa», deitoratu zuen.
Aurreikusitako kaleratzea «lotsagarria» zela esan zuen, modu horretan pabiloian bizi diren gazteak «legea urratzera bultzatzen» dituztelako. «Hona datozen askok lan egin nahi dute, bizitza proiektu bat garatzeko eta familiari dirua bidaltzeko», gaineratu zuen.
‘Aukerak’ programa
Zardoya eremuko kaleratzearen biharamunean, iragan asteartean, Jon Insausti alkateak Aukerak izeneko programa aurkeztu zuen, udaletxean. Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak garatu du, alkateak hala eskatuta, eta, adierazi zuenez, «gizarteratzeko eta laneratzeko borondatea duten etxerik gabeko pertsonei baliabideak eskaintzeko».
Donostiak hiri gisa «eredu propio» bat landuko zuela iragarri zuen alkateak, Martuteneko kaleratzearen ondoren: «Martuteneko arazoa sortu zenean, errealitate konplexu honi aurrez aurre erantzun behar zaiola esan nuen, buenismoak eta populismoak albo batera utzita. Gure jarrera humanista eta exijentea izango da. Martutenen egin genuen, eta Herreran ere egiten ari gara». Donostian garatu duen programa hau datozen urtetan «erreferente» bihurtuko dela ziurtatu zuen.
Herreran artaturiko pertsona kopuruari dagokionez, Insaustik ez zuen datu zehatzik eman nahi izan: «Esan nahi dudan gauza bakarra da La Sirena aterpetxera joan direla, Martuteneko gehiengoarekin gertatu moduan. Kopurua ez dut esan nahi, ez direlako zenbakiak, pertsonak baizik».
