Donostiako turismoak «elitizazio prozesua» bizi duela ohartarazi du Bizilagunekin plataformak
Turistifikazioaren aurkako Donostiako azken manifestazioko pankarta bat. Joseba Parron San Sebastian Turismoaren inguruko 2025eko datuak argitaratu berri ditu Eustat erakunde ofizialak, besteak beste, Donostiako turismoak beheranzko joera erakutsi duela ondorioztatuz. Datu hori nabarmendu dute hedabide ugarik azken egunotan, baina Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataforma donostiarra irakurketa horrekin kritiko agertu da: “Azken urteko datuek erakusten dute Donostiako hotel sarrerek %1 inguruko beherakada izan dutela, baina hamarkadako ikuspegian %76 baino gehiago hazi dira eta hiru izar eta gehiagoko hoteletan hazkundea %90ekoa izan da. Gainturismoa ez da desagertzen ari, egonkortzen eta normalizatzen baizik”.
Horrela, zenbait “titular alternatibo” proposatu dizkiete hedabide nagusiei: “‘Espainiako Estatutik kanpoko atzerritarren sarrerak hazi egin dira’; ‘Hiru izar eta gehiagoko hoteletako sarrera kopurua ia aurreko urteko berdina izan da’; ‘Hotelen betetze maila handiagoa izan da, bereziki hiru izar eta gehiagokoena’; ‘Hoteletako gelen prezioa hazi da’ eta ‘Hotelek gela bakoitzeko atera duten etekina hazi da'”.
“Donostiaren turistifikazioarekin kritikoak garen herritarroi aski ezaguna zaigu hedabide hauek jokatzen duten papera”, gaineratu dute: “Herritarron bizi baldintzak kaltetuz aberasten ari direnen mesedetan lan egiten dute. Hazkundea ospatzen dute, diskurtso ofizialen bozgorailua dira, herritarron ezinegonaren irudia lausotu nahi dute eta kritika orori hitza eta oihartzuna ukatzen diote. Dagoeneko turismoaren hazkundea beti ona dela esanez donostiarroi ziria sartzerik ez daukatenez, beste norabide bat hartu dute. Turismoak beheranzko joera hartu duela nabarmenduz, bi estrategia elikatzen dira. Batetik, turistifikazioaren konpontzekotan dagoela iradoki nahi da. Bestetik, industria turistikoa sustatzeko neurriak behar direla”.
Datu adierazgarriak
Eustaten datuen artean, badira hedabideetan nagusi izan den beheranzko joeraren datua baino gehiago, eta horietako batzuetan jarri du fokua Bizilagunekinek: “Espainiaiko Estatutik kanpoko atzerritarren sarrerak %120tik gora hazi dira azken hamarkadan, eta azken urtean ere gora egin dute. Balio erantsi handiagoko eskaintza, prezio altuagoak eta kontsumo ahalmen handiagoko bisitariak lehenetsi dira, hiria gero eta gehiago merkatu logiken menpeko aktibo bihurtuz”.
Ildo horretatik, turista profila aldatzen ari dela nabarmendu dute plataformakoek: “Betetze maila hazten eta gelen prezioek zein errentagarritasunak gora egiten dute; datuek elitizazio prozesu batean gaudela berresten dute”.
Salatu dutenez, elitizazio horren ondorio dira “kontsumo prezioen igoera, merkataritza eskaintzaren homogeneizazioa, auzoen eraldaketa eta bizilagunen desplazamendu sinboliko eta materiala”. Horregatik, ohartarazi dutenez, “bisitari gutxiago izateak ez du turistifikazioaren inpaktua arintzen, are gutxiago ‘kalitatezko turismoaren’ diskurtsoaren bidez eskaintza elitizatzen denean. Aditu askok ohartarazi duten moduan, eliteentzako turismoaren aldeko apustua ez da desazkunde turistikoa, desazkunde faltsua baizik: hazkunde logikak zalantzan jarri ordez, merkantilizazioa eta segregazio soziala areagotzen dituen estrategia”.
“2015etik 2025era bitarteko datuek, eta bereziki azken urteko bilakaerak, erakusten dute turismoaren arazoa ez dela bisitari kopuru hutsaren kontua”, gaineratu dute: “Gakoa da nola antolatzen den hiria, norentzat eta zein interesen arabera. Turismoak hiri dinamika osoa baldintzatzen du eta bizilagunen bizi baldintzak bigarren mailan geratu dira. Horregatik, gure hirian gainturismoari buruzko eztabaida ezin da elitizazioaren kritikatik bereizi”. “Antolatu gaitezen bizilagunekin Donostia desazkunde turistikoaren norabidean kokatzeko eta denon artean hiri-eredu bizigarriago bat eraikitzeko”, aldarrikatu dute.


