Ehizaren debekua eta horretarako erabiltzen diren animalien babesa eskatu dute
Aurreko urte bateko protestako irudia. Rafael Fernandez Dozenaka lagunek parte hartu zuten atzo eguerdian ehizaren debekua eta jarduera horretarako baliatzen diren txakurren babesa aldarrikatzeko protestan. Ehizarik ez plataformak deitutako manifestazioa eguerdian abiatu zuten Bulebarretik Galgoekin eta beste arraza batzuekin ehizatzeari ez zioen pankarta bat buruan zuela. Hain zuzen ere, plataformak Galgoaren Mundu Egunarekin bat eginez deitzen baitu protesta ekintza urtero, 2010etik, ehizari ukoa adierazi eta “harekin batera doazen diskriminazio guztiak” gaitzesteko.
Aurten estatuko, Europako eta Amerikako 90 bat hiritan gauzatu dute. Halaber, babesa eskatu dute ehizarako baliatzen diren animalientzat, izan ere, salbuespenik gabe izaki bizidun guztiak babestuko dituen legedia eskatu dute kideek. Hala, ehiza zakurrak Animalien Ongizateari buruzko Legetik kanpo utzi izana kritikatu dute eta “zakur guztiak” babesteko arau bat eskatu, “haien erabilera edo jarduera edozein dela ere”. Izan ere, zehaztu dutenez, ehiza denboraldiaren amaieran milaka zakur abandonatu eta hil ere egiten baitituzte.


