HAU #9 lehiaketak kriseiluaren berrinterpretazio garaikidea sarituko du 2026an
San Telmo museoko erakusketako kriseilua.Donostia Kultura Bitamine Kultur Elkarteak eta San Telmo Museoak antolatuta, HAU #9 Euskal Herriko Objektu Tradizionalaren Diseinu Lehiaketa abiatu dute; helburua, euskal kulturako objektu tradizional bat gaurkotzea da. Aurtengo edizioan kriseilua da aztergai izango duten pieza.
Lehiaketan disziplina anitzetako diseinuaren arloan diharduten ikasle, profesional eta kolektiboek har dezakete parte. Parte-hartzea doakoa da, eta proiektuak 2026ko maiatzaren 4ra arte aurkeztu ahal izango dira, online. Aurkezten diren diseinuek derrigorrez berriak, argitaragabeak eta merkaturatu gabeak izan beharko dute.
Baloratzeko irizpideak
Epaimahaiak hainbat irizpide kontuan hartuko ditu lanak baloratzerakoan, besteak beste: funtzionaltasuna, interpretazio garaikidea, berrikuntza, bideragarritasun ekonomikoa, diseinu formala, jasangarritasuna eta ingurumen eragina. Epaimahaiak saria eman gabe uzteko aukera ere izango du, lanek behar adinako kalitaterik ez badute. Epaimahaia diseinuko eta euskal etnografiako adituek osatzen dute, Aranzadi Zientzia Elkartea, Mondragon Unibertsitatea, EIDE eta B.lux enpresaren ordezkarien parte-hartzearekin.
Lehiaketak 2.000 euroko sari bakarra aurreikusten du. Horrez gain, epaimahaiak hautatutako diseinuak San Telmo museoan egingo den erakusketa batean jarriko dituzte ikusgai, 2026ko ekainaren erdialdetik irailaren bukaerara arte. Hautatutako egileek, halaber, B.lux enpresaren instalazioak bisitatzeko aukera izango dute.
Emaitzak Bitamineren eta San Telmo Museoaren webguneetan argitaratuko dira, baita tokiko komunikabideetan eta sare sozialetan ere.


