Donostiako azken atunontzia berritu eta itsasora bueltatuko dute
1990an hasi zen arrantzan 'Ozentziyo' itsasontzia, eta 2015ean erretiratu ostean, desagertzeko zorian egon zen.
'Ozentziyo' atunontzia berritzeko proiektuaren aurkezpena, Albaolan.Albaola Itsas Kultur Faktoria Albaola Itsas Kultur Faktoriak salbatu zuen Ozentziyo atunontzia, Donostiako portuko azken egurrezko arrantzontzi tradizionala. Orain, berritu egingo dute Pasai San Pedro ontziolan, eta itsasora bueltatuko dute. Urtarrila bukaeran aurkeztu zuten proiektua, eta dagoeneko lanean ari dira Donostiako itsas ondarearen isla den ontzia berreskuratzeko.
1990an jaso zuen Ozentziyo atunontziak arrantzarako baimena, eta 2015era arte aritu zen arrantzan. Ordea, urte hartan, desegitear izan ziren, Albaolak salbatu zuen arte. “‘Ozentziyo’-k, bere kroskoan, kostako arrantza eta portu- ekosistemarekin estuki lotutako eta belaunaldiz belaunaldi arrantzaleek metatutako ezagutza tekniko eta soziala gordetzen du”, nabarmendu dute.
Sei urratsetan zaharberrituko dute arrantzontzia: “aurretiko prestaketa lanak, zurezko egitura berreskuratzea, barruko espazioak eta ontziko bizitza, makina gela eta sistema teknikoak, aginte zubia eta nabigazioa, eta babesa, akaberak eta pintura”.
Itsasora itzulera
Albaolak plan bat diseinatu du itsasontzia, behin uretan dagoenean, itsas ondare bizi bihurtzeko. “Baliabide honek ezagutza, jarduera eta emozioa sortzeko gaitasuna izango du”, azaldu dute. Plana Albaolaren etengabeko ondare eta kultura berreskuratzeko lanaren baitan kokatzen da. “Itsasora itzultzearekin batera, ‘Ozentziyo’ tresna paregabe bihurtuko da kostaldeko arrantzaren memoria zaintzeko eta gizarteari sektore honi lotutako jakintzak, teknikak eta bizimoduak hurbiltzeko”, nabarmendu dute.
Horrela, itsasontzia komunikazio eta ikaskuntza gune bihurtuko da. Bertan, ezagutza zuzenean eta esperientziaren bidez partekatuko da, iraganaren eta orainaren arteko lotura sendotuz. Aldi berean, belaunaldien arteko erreleboa bultzatu nahi da, arrantzako lanbideei lotutako bokazioak piztuz eta kostaldeko gure komunitateentzat funtsezkoa izan den lanbideari balioa emanez. “Gure arrantza produktuak hobeto ulertzen eta estimatzen lagunduko digu”, azaldu dute.
Azkenik, Albaolak dio atunontziaren berritze integralak eta horrekin batera aurkeztuko den erakusketak itsasoarekiko harreman mota bat ulertzeko aukera emango duela, “baita kostaldeko baxurako arrantzaren unibertsoan murgiltzeko aukera ere”.



