Udalak eta aldundiak «elkarlana estutu» dute
Jon Insausti alkateak eta Eider Mendoza ahaldun nagusiak nabarmendu dute "ongizatean sakontzea eta ekonomia berria sortzea" dela bi erakundeen helburua.
Eider Mendoza eta Jon Insausti, udaletxearen aurrean.Donostiako Udala Erakundeen arteko bilera egin dute gaur Jon Insausti Donostiako alkateak eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak. Udalaren eta aldundiaren arteko lankidetza “estutu” dutela adierazi dute, hirian eta lurralde osoan “ongizatean sakontzea eta ekonomia berria” sortzeko helburuarekin.
Nabarmendu dutenez, bilera baliagarria izan da industriaren, berrikuntzaren eta mugikortasunaren, gizarte babesaren eta zaintzen, baita lurralde mailako ekipamenduen eta larrialdien arloetan egindako aurrerapenen eta adostasunen jarraipena egiteko.
Azken urteotan, bi erakundeek lankidetzatik bultzatu dituzten “ibilbide luzeko proiektu estrategikoak” aipatu dituzte. Hala nola, MUBIL mugikortasun jasangarriko poloaren garapena, IBMren superordenagailu kuantikoaren instalazioa, eta GI‑20 errepidearen Marrutxipiko lotune berria, besteak beste. Mendozak eta Insaustik adierazi dute bi erakundeek “sintonia eta konpromiso partekatua” dutela eta “irmoki” jarraituko dutela abian dituzten lan ildoetan aurrera egiten, “donostiarrentzat eta gipuzkoar guztientzat onuragarri izan dadin”.
Etorkizuneko ekonomia esparru berrien alde lanean jarraituko dutela gaineratu dute: “biozientziak eta terapia aurreratuak, teknologia kuantikoak, eta etorkizuneko elikadura eta gastronomia”. Etorkizunean lanpostu onak sortuko dituzten industria sektore berri horiek garatzeko, bi erakundeen arabera, beharrezkoa izango da espazio gehiago sortzea Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea Galarretara, Illunbera eta Zubietara hedatuz.
Helburu berarekin, mugikortasunaren alorrean ere aurreikusten dute hobekuntzak egitea garraio publikoaren konexioetan, bidegorri sarean eta errepideetan, dela ospitaleen eremuan, Galarretan eta Eskusaitzetako industrialdean. Era berean, hiriaren inguruko mugikortasun metropolitarraren konexioak eta hobekuntza aukerak aztertuko dituzte. “Horrek guztiak lagunduko du industria eta teknologia sarearen lehiakortasunean, nahiz bertan bizi diren edo bertaratzen diren pertsonen eguneroko erosotasunean”, esan dute.
Zaintza eta gizarte babesa
Alkateak eta diputatu nagusiak zaintzen eta gizarte babesaren arloko hainbat jarduera ere aztertu dituzte. Horien artean, Mendozak adierazi du Gipuzkoan etxerik gabeko pertsonen egoerari aurre egiteko estrategia berria lantzen ari dela, “errealitate konplexu horrek hiri eta lurralde mailan duen eragin gero eta handiagoa kontuan hartuta, eta, batez ere, egoera hori jasaten duten pertsonek euren bizitzetan jasaten dituzten ondorioak kontuan izanda”. Era berean, lurraldean martxan dagoen zaintza ereduaren eraldaketa esparruan —pertsonalizazioa, berrikuntza eta komunitatearekiko lotura handiagoa—, aldundiak eta udalak analisi bateratua egingo dute hiriko beharrei buruz.
Ekipamenduen arloan, aldundiak eta udalak berretsi dute Anoeta Berria proiektuan aurreikusitako jarduketetan lankidetzan aritzeko konpromisoa, “helburua baita ingurune hori kirol eta kultura espazio berritzaile bilakatzea, zeinen onurak eta eragina gipuzkoar guztien kirol praktikan eta ongizatean nabarituko diren”.
Azkenik, alkateak eta diputatu nagusiak adierazi dute konpromisoa dutela Donostiako eta Gipuzkoako suhiltzaileen zerbitzuen jardun‑protokoloak homogeneizatzen aurrera egiteko.


