Udarako turismoari zerga jarriko diotela iragarri du aldundiak
Turista talde bat, Kontxako hondartzan.Joseba Parron San Sebastian Jon Insausti Donostiako alkateak eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak agerraldia egin dute Alderdi Ederren, bi erakundeen arteko lankidetzen berri emateko. Horrekin batera, zerga turistikoaren inguruan galdegin diete bi agintariei, eta Mendozak aurreratu du udarako Donostian ezarrita egongo dela.
“Aldundiaren konpromisoa da zerga turistikoa martxoaren 17a baino lehen onartzea gobernu kontseiluan. Behin onartuta, batzar nagusietan eztabaidatuko dugu, eta behin betiko onartuko da adostasun zabala lortzen badu. Konfiantza daukat horrela izango dela. Beraz, uda baino lehen onartua egongo da”, adierazi du Mendozak.
Albistea “oso pozik” hartu duela aitortu du Insaustik: “Txoratzen nago, uste dut berri oso ona dela. Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa lortu genuenean, gogoan dut aipatu nuela Donostiak eta donostiarrok irabazten genuela. Hai bai izan da urtetan donostiarrok borrokatu dugun zerbait, eta, azkenean, lortu dugu”. Horrekin batera, zerga turistikoaren balioa nabarmendu du: “Zerga honek erreminta gehiago emango dizkigu Donostian turismoa hobeto kudeatzeko. Baita ere, donostiarron bizi kalitatea zaintzeko. Finean, hori da zerga honekin lortu nahi duguna”.


