Realak beste derbi bat gainditu beharko du kopan aurrera egiteko
Txuri-urdinak final-laurdenetako partida bakarra jokatuko dute Alavesen kontra gaur Mendizorrotza futbol zelaian (21:00).
Realaren eta Osasunaren arteko kopako partidan, penaltietan erabaki zen kanporaketa.Reala Soilik irabazteak balio du. Hori omen da futbolaren legea, txapelketaren arabera zertxobait egokitu daitekeena. Ordea, Espainiako Kopan aurrera egiteko, partida bakarreko kanporaketak gainditu behar dira. Hori finalerdietan aldatzen da, joaneko eta itzulerako neurketekin. Horretarako, Realak Alaves menderatu beharko du gaur final-laurdenetan, gasteiztarren etxean, 21:00etan.
Bigarren derbia jarraian egokitu zaio Realari, aurreko kanporaketan Osasuna menderatu ostean, Anoetan. Dena dela, oso bestelakoa izango da gaurkoa, nahiz eta etxetik gertu izan. Zale txuri-urdin asko izango dira Mendizorrotzan, eta haien hauspoa beharko du Realak Alaves kanporatzeko.
Pellegrino Matarazzo entrenatzaileak atzo jakinarazi zuen 23 jokalariko deialdia, eta hutsune batzuk badira. Batez ere, Jon Karrikaburu aurrelariarena. Donostian geratu den arren, kopan ere ez dizkio minutuak emango entrenatzaile estatubatuarrak. Min hartuta dauden Barrenetxea, Kubo, Marrero, Zakharyan eta Ruperez ere ez dira Gasteizen izango. Horrekin batera, Ochieng bigarren taldeko jokalaria kanpoan geratu da. Aldiz, deialdiaren parte dira Yangel Herrera, ustez osatu dena, Wesley fitxaketa berria, Caleta-Car atzelaria eta Brais, ligako azken partidan epaileak kaleratu zuena. Aipatzekoa da ere Dani Diaz gaztearen presentzia.
Hamaikakoari dagokionez, ez dirudi Matarazzok esperimentu askorik egingo duenik. Remiro izango da atean, eta ziurtzat jotzen da hasieratik aritzea Jon Martin, Oiartzabal, Guedes, Soler eta Turrientes. Gainerako postuetarako, Aihen, Odriozola, Brais, Caleta-Car eta Marin aipatu daitezke.


