Ttan Ttakun festa berreskuratuko dute, 30. urteurrena ospatzeko
Intxaurrondo Kultur Etxean izango da apirilaren 25ean, eta parte hartuko duten talde batzuen izenak aurreratu dituzte.
Señor No eta Joseba Baleztena elkarrekin Gasteszenan, 2020ko Ttan Ttakun festan.Juan G. Andres Urte hasierako festa estimatuenetakoa izatera iritsi zen Egiako Ttan Ttakun irrati librearena. 2020an egin zuten azkena, Egiako Gazteszena aretoan, eta, ondoren, pandemia etorri zen. Ordutik ez dute tamaina bereko festarik egin, baina aurten berreskuratu ahal izango dute. Hori bai, beste leku batean; Intxaurrondoko kultur etxean.
Noski, ez da urte hasieran izango, udaberrian baizik; apirilaren 25ean. Beraz, ondo gorde data. Gainera, berezia izango da, irratiaren 30. urteurrena ospatuko dutelako.
Kartelaren aurrerapena helarazi diote hedabide honi, eta joko duten talde batzuen izenak iragarri daitezke: Niña Coyote eta Chico Tornado, Sexpeares eta Agoteak. Hauek areto nagusian ariko dira. Dena dela, arratsaldean hasiko da festa, laster jakinaraziko duten egitarau zabalagoarekin.
Azkena, gogoan
Aipatu moduan, 2020ko urtarrilaren 11n izan zen orain arteko azken Ttan Ttakun festa —nahiz eta formatu txikiagoko festak egin dituzten gerora, Txondorra kultur gunean—. Areto handian aritu ziren Señor No, Bullet Proof Lovers, Unidad Alavesa, Dogo eta Koban. Askotariko musika jartzaileak ere aritu ziren beste gune txikiagoetan.




