Desokupazio enpresa bateko kideek emakume bat mehatxatu dute Larratxon
Sareetan zabaldutako bideo baten bidez, emakume bat mehatxatu dute Desokupacyl enpresako bi jazarroik.
Euskal Herriko kaleetan gero eta ohikoagoa den eszena bat jazo zen atzo Larratxon. Desokupacyl enpresako hainbat jazarroi ibili ziren Larratxoko kaleetan, itxuraz, emakume bat mehatxatzera joateko asmoz. Sareetan propaganda bideoa zabaldu dute enpresako kideek, jarrera erasokorrarekin.
Desokupazio enpresako jazarroiek bideoan azaldu dutenez, emakumeak hilabete batzuk darama ura, argindarra eta alokairua ordaindu gabe. Esaten dutenaren arabera, gainera, duela hiru hilabete “kaleratze agindua” izango luke. Edonola ere, agindu judizialik gabe, indarrez eta mehatxuz kanporatu nahi dute, eta horretarako emakumearen informazioa zabaldu dute sareetan eta “ilargira bizitzera” joan beharko lukeela esan diote, eroa dagoela esanez (“lunática” deitzen diote).
Ez da lehenengo aldia gisako enpresa bat Donostian dabilela. Hainbat propaganda bideoez gain, Egian zeuden gazte batzuen kontra egin zuten 2024ko maiatzean, ahozko indarkeria eta mehatxu ugari eginez. Atzo, gainera, Lasarte-Oriara joan ziren Desokupacyleko kide berberak. Lasarten, ordea, bizilagunek aurre egin zieten eta “alde egiteko” eskatu zieten hainbatek, sareetan zabaldu den bideo batean ikus daitekeenez.
Berria-k Zornotzan jazarria izaten ari den emakume bat elkarrizketatu du. Honela kontatu du emakumeak igarotakoa: “Estresagarria eta itogarria izan zen. Ikaragarria. Ikaratzea eta etxetik alde egitea, hori baino ez zuten nahi. Ahalik eta ondoen kudeatzen saiatu nintzen, baina, aurrez pasatu dudan guztiagatik, ezin izan nuen, antsietate krisi batek jo, eta arnasa hartzea ere kosta egiten zitzaidan. Horixe nahi dute”.
Desokupacyleko burua, iaz atxilotua
Iazko ekainean, Gedar.eus-ek jakitera eman duenez, bideoan hizketan ari den Nuñez da talde parapolizialeko burua, eta bera ageri da zuzendari modura Desokupacylen legezko agirietan. Enpresa horrek “segurtasun zerbitzuak” eskaintzen ditu teorian, baina, errealitatean, bere jardunik ohikoena da etxegabetzeak gauzatzea eta zorrak kobratzea.
Iazko urtarrilean atxilotu zuten Nuñez, Valladoliden, Galiziako Monforte de Lemos herrian izandako gertakari batzuei lotuta. Bikote bati diru kantitate bat kobratzeko kontratatu zuten bertan Desokupacyl, baina etxez nahastu ziren, eta beste pertsona bat jazarri zuten. Salaketa bat jarri zien berak, eta “beldurtzeko metodoak” erabili izana leporatu zioten taldeari.


