Kopa iraultzeko gaitasuna
Reala hirugarren aldiz jarraian sailkatu da finalerdietara, atzo Alaves kanporaketa zoro batean gaindituta (2-3).
Realeko jokalariak eta teknikariak ospatzen, Alaves kanporatu ondoren.Reala Iraultza eta iraultzea ez dira gauza bera. Horrela ere, bietatik izan zuen atzo Realak eta Alavesek Mendizorrotzan jokaturiko kopako final laurdenetako neurketak. Euskal derbi bizia, lehiatua eta eroa izan zen, zaleen sufrikariorako eta gozamenerako. Txuri-urdinek, beste behin ere, markagailua irauli behar izan zuten kopan aurrera egiteko (2-3). Pellegrino Matarazzok entrenatzaile kargua hartu zuenetik, galdu gabe jarraitzen dute.
Realak tarteka erakutsi ohi dituen gabeziekin hasi zuen partida, eta Alavesek akats zein opari guztiak baliatu zituen. Zazpigarren minutuan aurreratu ziren babazorroak Abde Rebbachen bidez. Txuri-urdinen defentsa oso bigun aritu zen. Horrela ere, 14. minutuan, neurketa berdintzea lortu zuen Mikel Oiartzabal kapitainak, Guedesen pase bikain bat aprobetxatuta. Pozak ez zuen askorik iraun Realarentzat, Turrientesek penaltia egin ziolako Ottori, eta Toni Martinezek Remiroren ate barrura bidali zuen baloia, 28. minutuan. Horrela bukatu zen lehen zatia, Mendizorrotzan zeuden 2.000 zale txuri-urdinen harridura aurpegiarekin.
Bigarren zatian hobera egin zuen Realak, baina, 66. minutuan, etxekoen aldeko bigarren penaltia adierazi zuen epaileak. Caleta-Car atzelariak inoizko penalti surrealistena egin zion Martinezi, harekin lehian, kamiseta kendu eta burua estali ziolako. Kanporaketa erabakita geratuko zela pentsatu zuten askok, baina, ezustean, Remirok Martinezen jaurtiketa gelditu zuen. Horrek hauspotu zuen talde txuri-urdina, eta ezinezkoaren bila abiatu ziren. Hau da, markagailua iraultzera. Matarazzok aldaketak egin zituen iraultza pizteko, eta baita lortu ere. Guedesek 75. minutuan berdindu zuen kanporaketa, Turrientesen pase eder bati esker. Lau minutu geroago, 79. minutuan, Sucicek pase ederra eman zion Oskarssoni, eta honek Reala aurretik jarri zuen, baloia Raul Fernandez atezainaren hankapetik sareratuz. Alaves zerraldo geratu zen, eta txuri-urdinek ondo kudeatu zituzten azken minutuak.
Reala hirugarren aldiz jarraian sailkatu zen finalerdietara, eta datorren astean jakingo du zein izango duen arerio. Aurreko bietan Mallorcaren eta Real Madrilen kontra jokatu, eta bi kanporaketak galdu zituen. Hirugarrenean, finalera iristea tokatzen da.


