Lanpernen konpartsaren 125. urteurrenean, Sara Zamorano kidea izango da Momo jainkosa
Donostiak bere "inauteri tradizionalena" ospatuko duela nabarmendu du udalak. Izan ere, konpartsa tradizionalak izango dira protagonistak.
Donostiako inauterien aurkezpena, udaletxean.Donostiako Udala Otsailaren 12a, Ostegun Gizena, izango da Donostiako inauterien abiapuntua, eta hilaren 28ra arte luzatuko da festa. Izan ere, hiri guztian zehar banatutako egitarau zabala izango du, Bidebietako konpartsen desfilearekin bukatu arte. Hemen duzue egitaraua.
Aurten, Lanpernen konpartsen 125. urteurrena omenduko dute Donostiako inauteriek. Batetik, Sara Zamorano Senderos konpartsakidea izango da aurtengo Momo jainkosa, eta haren laguntzaile gisa arituko dira Mikel Larrañaga Mezquita, Alba Virto Senderos eta Diana Virto Senderos. Bestetik, Raul Lopez Martin diseinatzaileak egindako kartelaren protagonista da Lanpernen konpartsa.
Plaza Berrira, estreinakoz
Momo jainkosa Plaza Berrira iritsiko da lehendabiziko aldiz. Hilaren 12an bertan izango da, 20:01ean, Donostia Euskal Inauteriaz Blai egitasmoarekin batera. Donostia Festak-ek sustaturikoa da, ea Lauarinen antolakuntzari esker egin ahal izango dute. 19:01ean hasiko da Parte Zaharreko hainbat txoko desberdinetatik. Orixe Ikastolak, eta Trebeska, Goizaldi, Eskola eta Herridantza dantza elkarteek euskal inauteri bana irudikatuko dute, eta haiekin batera Aitor Ikastola, Elipsis, Fama, Intxaur Txiki, Karmelo Txiki eta Lezoko Eztandak konpartsek ekimenean gonbidatu bezala parte hartuko dute euskal inauteriaren jantziekin.
Eskola Dantza Taldea Lasala plazatik abiatuko da, Goizaldi Dantza Taldea Zuloaga plazatik, Tresbeska Dantza Taldea Sarriegi plazatik eta Herridantza Dantza Taldea Bulebarreko kioskotik. Guztiek hainbat geldialdi egingo dituzte Parte Zaharretik barrena 20:00etan Plaza Berrira iritsi arte. Bertan elkartuko dira 19:16ean, Abuztuaren 31 kaletik kalejiran aterako diren gainerako konpartsa gonbidatuekin eta Zubietako Joaldunekin, Momo jainkosari eta bere laguntzaileei ongietorri beroa egiteko, eta jarrian Lantz dantza dantzatzeko. Behin dantza hori eginda, Ostegun Gizenero Plaza Berrian egiten den ekitaldiari hasiera emango diote. Bertan, Orixe Ikastolaren eta Trebeska, Goizaldi eta Eskola Dantza Taldeen ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da. Jarduera amaitzeko partaide guztien artean berriz Lantz dantzatuko da.
Inudeak eta artzainak ere
Aurtengo inauterien beste berrikuntzetako bat hilaren 14an izango da. Inude eta artzainen konpartsak Plaza Berrian egiten den konpartsa tradizionalarekin bat egingo dute. Groseko Artainu konpartsa izango da Parte Zaharreko kaleetatik desfilatuko duena plazara iritsi arte. Hauen aurretik, Intxaurra Danborrada, Lanpernen konpartsa eta Amarakaldek Kaldereroen konpartsa ikusteko aukera egongo da. Ondoren, berriz, Oilarren eta Lorezainen konpartsek girotuko dute plaza ordubeteko ikuskizuna egin arte.
Lanpernen, Lorezainen eta Oilarren konpartsak hilaren 15eko goizean aterako dira berriro, eta Plaza Berrira iristean, Los Bebes de la Bullarekin elkartuko dira. Aldiz, ostiral eta larunbat arratsaldean, Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleak alaituko dituzte. Bestalde, larunbatean arratsaldean ere Gaztelubide Fanfarreak ere alaituko ditu Parte Zaharreko kaleak.
Larunbatean, hilaren 14an, Jon Insausti alkateak Momo jainkosari boterea emango dio Plaza Berrian, 12:01ean. Horrez gain, Antiguotarrak dantza taldearen inude eta artzainekin gozatzeko aukera egongo da Antiguan. Parte Zaharrean, berriz, Eusko-Ttish eta 3Txulo Txarangak arituko dira. Eta botere aldaketaren ondoren, 13:01ean Gero Axular Dantza Taldearen eskutik Intxixu Euskal Inauteriaren ekitaldia ikusteko aukera egongo da.
Konpartsen aurkezpena eta desfilea
Urteroko moduan, Konpartsa eta Karrozen lehiaketan parte hartzen duten konpartsak ere inauterien protagonistak izango dira. Hiru astez, hainbat emanaldi egingo dituzte, eta horiei guztiei hasiera emateko, hilaren 13an, 21:01tik aurrera, Illunben konpartsa horien aurkezpena egingo dute, eta bertan, Inauterietako jantzien diseinuen VII. Saria ospatuko da.
Erdialdeko kaleetatik lehen aldiz desfilatu aurretik, konpartsak Maria Kristina hotelaren aurrean elkartuko dira hilaren 14an, 11:31ean, Momo jainkosari eta bere laguntzaileei goiztiriak abesteko. Ondoren, Plaza Berrira eramango dituzte alkatearen eskutik aginte makila hartzeko.
Arratsaldean, 17:01etatik aurrera 26 konpartsek erdialdetik desfilatuko dute, donostiarrei azken hilabeteetan egindako lana erakutsiz. Desfilea igandean bigarren aldiz ikusteko aukera egongo da, 17:01etatik aurrera ere. Lehenago, 11:31ean bederatzi konpartsetako txikienek Kursaaleko auditorioan emanaldia egingo dute. Halaber, Groseko Katalunia plazan hilaren 16an, 19:01ean, konpartsak berriro ikusteko aukera egongo da. Bertan izango dira erdialdean desfilatuko duten 26 konpartsetatik 24.
Sardinaren ehorzketa
Inauterietako erritmo biziari haur txoko eta gaztelekuetan prestatutako egitaraua eta beste hainbat jai eta kultur jarduera gehituko zaizkio egun horietan. Eta erritmo hori une batez etengo da Sardinaren Ehorzketarekin, hilaren 17an, 19:31ean. Erritmoa jaisteko unea izango da, baina ez ordea inauterietako festa amaitzeko unea. Izan ere, hilaren 21ean, larunbatean, Loiolako Erriberan desfilea egingo da 17:01ean, eta Altzako Eltze Itsu Igandearen jai handia hilaren 22an izango da, 11:01ean. Egun horretan bertan, 17:01ean, Intxaurrondon Intxaur Txiki konpartsaren emanaldia ikusteko aukera egongo da.
Bukatzeko, hilaren 28an, Bidebietan izango da konpartsen azken desfilea, 17:01etik aurrera. Desfile honekin amaiera emango zaie hiriko auzo ezberdinetan alaitasuna emango dion hiru asteetako egitarauari.



