Mendiko zinemagintza Antzoki Zaharrera iritsiko da
'Izarren zaunka' filmaren pasarte bat.Mendi Film Nazioarteko Mendi Film jaialdiko film onenen zirkuitu ibiltaria Donostiara iritsiko da hilaren 10ean eta 11n. Club Vasco de Campingen eta Donostia Kulturaren bidez, 14. Mendi Tour Donostia antolatu dute Antzoki Zaharrean.
Bi saioetara joaten direnek mendiko zinemarik onenarekin eta berrienarekin gozatuko dute berriro ere. Alpinismoa, haitz eta izotz eskalada, eskia, esplorazioa, abentura eta ilustrazio artearen inguruko sei pelikula programatu dituzte, joan den abenduan Bilboko Mendi Film jaialdian sarituak eta nabarmendu zirenak.
Donostiarekin lotura duten bi film nabarmendu dituzte. Lehena, Harri, Orri, Arkatz lana eta Expocroquis proiektua borobiltzen du, erakusketa eta liburu eder baten publikazioaren ostean, Jon Herranz zuzendariak ondu duen pelikula. Eli Azurmendi, Juancar Sanz eta Rafa Elorzak abiatu zuten proiektuari buruz eta, batez ere, eskalada krokisen munduari buruz testigantza eta hausnarketa aberatsak biltzen dituen pelikula da.
Bigarrena, berriz, Izarren zaunka pelikula da, Nagore Ezeiza zuzendariarena, eta Koldo Almandozen gidoia duena. Oinarrizko ideia, berriz, Iker Urangarena da, eta hura da protagonistetako bat: Txindokin, Mikel Saez de Urabainekin honek irekitako bide dotore bat eskalatzeko ahalegina kontatzen du, sendabide terapeutiko bat Urangarentzat.
Bi filmetako protagonistak Antzoki Zaharrean izango dira, hilaren 11n, haien lanak aurkezteko. Bestalde, egitaraua osatuko duten beste lau filmak dira: Dear superhero (Zeelanda Berria), Ephemeral (AEB), Old Man Lighting (AEB) —hiru hauek hilaren 10ean— eta Into Altai (Frantzia) —hilaren 11n—.
Saioak 19:00etan hasiko dira, eta sarrerak 6 euroan eskura daitezke Antzoki Zaharrean bertan, Viktoria Eugeniako leihatilan eta Donostia Kulturaren webgunean.


