«Antzerkian jarraituko dut, argia joan arte»
Harrigarria da Klara Badiolaren gaztetasuna (Parte Zaharra, 1953). 40 urtetik gora aktore lanetan, eta, oraindik, pasio izugarriz hitz egiten du arteaz, oholtzaz, kideez. Euskal Herriak populturarik balu, 1980ko hamarkadako izarra litzateke Badiola. Zorionez, ordea, oinak lurrean eta bihotza eskuan duela jarraitzen du lanean. Oraintxe, 'Desobedienteak 18/98' antzerki obrarekin. Eta etorkizuna, oraingoz, antzerkiari lotuta.
Klara Badiola aktorea, 'Desobedienteak 18/98' obra aurkezten. Joseba Parron San Sebastian ‘Desobedienteak 18/98’ antzezlanarekin ari zarete egunotan. Zer moduz?
Ez da obra «ohikoa». Ez da hasieratik bukaeraraino istorio bat kontatzen duen obra, bere pertsonaia eta guzti. Nahasketa bat da: dokumentala, pertsonaia puntualak, ideiak… Desobedientzia zibilarekin zerikusia duten une historikoak agertzen dira: zer irabazi den jendea mugitu delako. Kontatzeko modua berria da, dramaturgia aldetik Mireia Gabilondok eta Fernando Bernuesek lan izugarria egin dute.
Jendearen harrerak beldur apur bat ematen zigun. Zoragarria izan zen, benetan zoragarria. Jende pila bat zegoen, antzokia beteta. Eta, gu, harrituta, hunkituta. Benetan momentua zen hau azaltzeko.
Desobedientzia zibilari eta herritarren borrokei gorazarre egiten dion lana da.
XX. mendeko errepasoa egiten da, zenbat gauza lortu diren jendea mugitu delako. Izugarrizko mugimendua egon da: jende asko espetxeratua izan da, jende askok bizitza eman du horregatik. Jende askok ez daki zer gertatu den, batez ere gazteek, uste dute orain ditugun eskubide batzuk betidanik egon direla. Lortu dira pixkanaka, eta nekez. Guretzat ere, lorpenak ordenatzeko balio izan du, eta batez ere, garai honetan, esateko: «Esnatu, lortu diren gauza hauek denak, pikutara joan daitezke». Ez dugu ahaztu behar boterea guk dugula benetan.
18/98 epaiketa, Joxemi Zumalabe fundazioa… Gazte gehienek ez dute ezagutuko. Heldu askok ezta ere, ordea!
Heldu askok ere ez, noski! Gauzak ahazteko erraztasun handia dugu… Badirudi denbora pila bat pasatu dela, baina hemen dago. Berriro ere gertatu daiteke horrelako zerbait, edo okerragoa. Gaur egun? Groenlandia dela, Venezuela dela, Gazakoa… nola ari diren banatzen mundua. Momentu oso inportantea ari gara bizitzen, eta horren aurrean ezin gara besoak gurutzatuta gelditu. Jendearen boterea erabili behar dugu.
«Gero eta pertsonaia desberdinagoa, hobeto. Zeure baitan bilatzen hasi behar zara eta antzerkia autoezagutzarako bide bat da»
Pailazo talde bat egiten hasi zineten Eneko Olasagasti, Jose Ramon Soroiz, Joseba Urzelai eta laurak, 1970eko hamarkada bukaeran.
Aspaldi! Garai hartan, Donostian ez zegoen ezertxo ere ez, eta umeentzat, are gutxiago. Gustatzen zitzaigulako hasi ginen gauzak egiten, eta hortik atera zen Herri Irratian (Paco Sagarzazu, Txaro Arteaga eta hauek zeudela) larunbat goizetan pailazoen saio bat egiteko proposamena. Kutxaren areto batean, astero obra bat egiten genuen eta irratian ematen zen. Kontxi Odriozolak egiten zituen jantziak.
Bete egiten zen larunbatero, jendea kalean geratzen zen. Eta honela hasi ginen pailazoena egiten. Irabazitako diruarekin bigarren eskuko furgoneta bat erosi, eta asteburuero joaten ginen herriz herri. Euskaraz egiten genuen dena, militantzia ikuspegia genuen, baina oso ondo pasatzen genuen elkarrekin. Urte ikaragarri politak izan ziren.
Antzerti sortu zenean, bertan hasi zinen.
Ikastola batean lan egiten nuen, baina dena utzi nuen antzerkia egin ahal izateko. Ikusi nuen momentu hartan aukera bat zela eta ez zela berriro pasako eta, esan nuen: «Hau aprobetxatu, eta gaizki ateratzen bada, ikusiko dugu zer egin!». Gaztea izatea zer den! [barrez]. Dena posible dela dirudi. Ordurako Segoviako ihesa (Imanol Uribe, 1981) egina nuen. Hortik aurrera, antzerkia, EITBren sorrera eta bikoizketa… Bikoizketak eguneroko lana ekarri zidan, aktore lanak, tartekakoa. Eta hiru lan horiekin, gaur arte!
Euskaraz egin zenuten hori guztia, eta hori, «eginbehar gisa» aukeratu zenuen. Nondik etorri zitzaizun grina hori?
Gure posizioa zen. Euskaldunak ginen eta euskaraz egin nahi genuen. Ikastoletan umeei euskara irakatsi nahi genien, baina gero ez zuten eredurik. Bai telebistan, baita zinemetan ere… den-dena zen erdaraz! Erakutsi nahi genuen posible zela antzerkia euskaraz egitea, haien ametsak euskaraz egitea. Horrela hasi zen, asko pentsatu gabe ere… geure artean hala bizi ginen eta hala egin nahi genuen.
«Parte Zaharrean, euskaraz jolasten ari
ginenean, ‘caseras!’ oihukatzen ziguten.
Izugarrizko mespretxua zegoen»
Etxean euskaraz egiten zenuten?
Etxean bai, baina ikasketa guztiak erdaraz egin nituen, eta erraztasun handiagoa nuen nik erdaraz. Kalean zailagoa zen, haurrak ginenean, Parte Zaharrean, euskaraz jolasten ginenean, «¡Caseras!» oihukatzen ziguten. Izugarrizko mespretxua zegoen. Eskolan ere hitz erdirik ez euskaraz. Horregatik, euskara zen etxeko hizkuntza bat, gorde beharrekoa-edo. Kanpoan, dena erdaraz.
Eta euskararen alde hasi zineten.
Orduan hasi zen mugimendu hura: geure mundua zabaldu behar dugu, geure buruak zabaldu, geure hizkuntza zabaldu. Eta hor hasi nintzen alfabetatzen eta taberna eta dendetan euskaraz egiten. Oso polita izan zen. Dena euskaraz egitea posible zela erakutsi genuen.
Mundua aldatzen ari zineten.
Atzera begiratuta halaxe da, baina momentuan ez zen hura gure pretentsioa. Oso naturala izan zen, hori egiteko garaia zen.
Parte Zaharra izan zen euskararen eta euskararen aldeko borrokaren erdigunea, ala? Jarrai antzerki taldea, Herri Gogoa, Ez Dok Amairu, Aurrera taberna…
Tabernak bihurtu ziren euskaldunak batzeko toki garrantzitsu bat. Gaur egun, asko aldatu da, erdaldundu egin dira zeharo tabernak. Ingelesez eta frantsesez bai, dena turistentzat delako, baina «por favor, en vasco no» esaten digute. Amorru ikaragarria ematen dit horrek.
Ez Dok Amairu oso garrantzitsua izan zen: Artze anaiek poesia egiten zuten, Laboa eta Lertxundi… Horrek asko piztu zuen grina hura.
Gaztetxoa izango zinen.
Bai. Jendea ikusten zenuen txundituta; bide onetik gindoazela bagenekien. Urte oso bereziak izan ziren, mundu guztia ilusioz beteta. Gauzak sortzeko gogoz.
Sarrionandiak zioenez, «dena egiteko zegoen».
Hala da. Ez zegoen ezer ez, eta guri tokatu zitzaigun sortzea. Oso ederra izan zen.
Euskal zinemaren hasiera izan zen orduan. ‘Segoviako ihesa’-rekin hasi zinen…
Lehendik, Ama Lur (F. Larruquert eta N. Basterretxea, 1968) eta Axut (J.M. Zabala, 1975) izan ziren, baina hau izan zen lehenengo film handia. 26 urte nituen ordurako. Nik ez nuen sekula kamera bat ikusi. Uste nuen pelikulak egiten zirela teatroan bezala, hasi eta buka, dena jarraian. Pentsa! Hori izan zen nire eskolarik hoberena. Harrituta nengoen, begiak zabal-zabalik. Mundu berri bat ezagutzea izan zen. Pozoia sartu zitzaidan, eta esan nuen: «Hau da nirea!». Eta zorionekoa ni; ordutik ez naiz geldirik egon.
‘100 metro’ (Alfonso Ungria, 1985) birmasterizatua eman zuten Zinemaldian eta bertan izan zinen. Zer moduz 40 urteren ostean?
Oso duina izaten jarraitzen du. Imanol Uribe eta Alfonso Ungria oso gazteak ziren garai hartan. Talde zoragarriak egin ziren. Eta Saizarbitoria ere oso gaztea zen 100 metro idatzi zuenean. Victor Hugoren esana ekarrita: ez dago bere momentua heltzen zaion ideia bat baino boteretsuagorik. Momentua hura zen. Hortik iturri ikaragarria etorri zen.
Jende askoren gogoan dago dantza egiten duzun eszena hura.
Aiora Enparantzak berdina esan zidan [barrez]. Gidoian jartzen zuen dantza egiteko, baina nik ez nekien zer. Garai hartan, entseguak ez ziren egiten, beste mundu bateko ideia zen hori, eta galdetu egin nion Alfonsori zer egin. Berak esan zidan ez zekiela, musika klasiko bat jarriko zutela, eskubiderik ez ordaintzeko, eta aurrera. Eta hasi nintzen, eta segi eta segi eta segi, eta nire baitara, «esango du: ¡Corten!», baina ez. Ez zait batere gustatzen neure burua ikustea, lotsa ematen didalako, eta behin ikusten ditut filmak. Aurten, Zinemaldian ikusi dudanean, luze-luzea egin zitzaidan [barrez].
Pentsaezina da gaur egun garai hartan egiten ziren filmak egitea.
Lasa eta Zabalaren filma egin zen eta bereak pasatu zituen. Desobedienteak-ekin Madrilera joaterik izango dugu? Ez dakit… Zentsura izugarri ari da areagotzen. Askoz ere mantsoagoak bihurtu gara gaur egun, gutaz zer pentsatuko duten eta ea nola jasoko den. Erakundeei zer irudituko zaien. Noski, diru laguntzak jasotzeko gidoiak eta gaiak aurkeztu behar dituzu. Eta leku batzuetan, argi dago, ez dutela emango. Zentsura disimulatu ikaragarri bat dago. Industrian, kontu handiz sartzen dira gaiak, gerora, ahalik eta gehien zabaltzeko. Bestela, ezinezkoa.
Eta gizartea ere kontserbadoreagoa dela esango zenuke?
Bueno, hori argi dago. Bestela ez ginateke egongo gaur egun gauden moduan. Nire belaunaldikook oraindik gauza asko bizi izan ditugu, baina gaur egungo gazteek –ez guztiek, noski– bestelako lehentasun batzuk dituzte: lana eta abar.
Mundua asko aldatu da. Lehen ez genuen telefono mugikorrik, sare sozialik, ez Movistar Plusik. Kalean bizi ginen askoz ere gehiago. Kuadrillarekin, jendearekin eta elkartzeko beste erraztasun batekin. Gaur egun ez, lana bukatu, etxera joan, kiroldegia… eta lagunak ikusi gabe ez dakit zenbat denbora.
Zinema eta arte mailan ere. Zenbat like dituen begiratzen dugu. Lehen ez zegoen hori. Gaur egun, ezin duzu sare sozialik gabe promoziorik egin. Inozo batzuk izango ginen garai hartan!

Aiora Enparantza, Iñigo Azpitarte, Klara Badiola eta Omar Sunai aktoreak, ‘Desobedienteak 18/98’ obra aurkezten.Joseba Parron San Sebastian
Sasoi batean, Madrilen egin zenuen lan.
Batez ere bikoizketa egitera joan nintzen. Nire bikotekidea zena Madrilera joan zelako joan nintzen ni ere, 1988 inguruan. Estudio batean aurkeztu, eta hurrengo egunean lanean ari nintzen. Pentsa, ze garai. Falcon Crest eta horrelako telesailak. Hiruzpalau urte izan ziren. Asteburutan, askotan, Euskal Herrira etorri behar izaten nuen antzerkia egitera. Bueltaka beti.
Zer alde zegoen orduan Madrilen eta Donostiaren artean?
Beti zegoen zer edo zer. Madrilgo gaua zen… izugarria! Zu bezala joan den jende mordoa ezagutzen duzu. Oraindik badut lagun mordoa eta tarteka elkartzen gara. Beste mundu bat zen: hainbeste taberna, hainbeste kontzertu, hainbeste antzerki! Movida-ren bukaera zen… ¡Madre mía!
Donostia aspergarria da, beraz?
Erabat! Pijerío hutsa da [barrez]. Ordea, nik ez nuen neure burua Madrilen ikusten. Nire lekua Donostian dago, hori oso garbi dut. Batetik bestera mugitu naiteke, baina hemen dagoen bizi kalitatea ez dut inon topatuko. Hemen oinez nabil batetik bestera.
Antzerkia ez duzu sekula utzi. Gaur egun, zer moduz daramazu?
[Pentsatzeko tarte bat hartu du] Nik badakit adin bat dudala; baina ni berdin-berdin sentitzen naiz, ilusio berarekin. Fisikoki, noski, tarteka nabaritzen dut. Memoria aldetik lehen baino gehiago kostatzen zait, normala den moduan. Baina nik antzerkian jarraituko dut, argia joan arte.
«Lehen ez genuen telefono
mugikorrik, sare sozialik, ez Movistar Plusik.
Kalean bizi ginen askoz ere gehiago, elkartzeko erraztasuna genuen»
Zer ematen dizu, bada, antzerkiak?
Begira: antzerkiak ematen didana beste ezerk ez dit ematen. Hori egia da. Askotan nik ez dakit nola azaldu hitzekin hau, baina horrelaxe da. Estreinatzen dugunean sentitzen duzun hori sentitzeko egiten dut. Kristoren beldurra, antsietatea, ilusioa, poza… beste ezerekin sentitzen ez duzuna sentitzen duzu. Horrela da. Publikoaren eta gure artean sortzen den harreman hori ikaragarria da. Energia hori fisikoki sentitzen dut nik. Momentu batean, konturatzen zarenean harrapatu dituzula, nahi duzun tokira eraman ditzakezula… Nabaritzen duzu nola betetzen zaren. Magikoa da niretzat. Jendearen aurrean jarri eta konexio hori bilatu; gaindiezina da antzerkia.
Ze obra mota gustatzen zaizu?
Ni orain nago inoiz egin ez ditudan gauzak egiteko. Gauza berri bat proposatzen badidazu, buru-belarri sartuko naiz.
Eta zer da falta zaizuna?
Orain egingo nukeena da pertsonaia eder bat. Emakume heldu bat, ibilbide batekin, hasieratik bukaeraraino. Eta esatea: hau da emakume bat izatea, emakume heldu bat izatea. Bizitzaren edertasunari buruzkoa. Ez dakit nola azaldu.
Idatziko zenuke?
Ez. Saiatu izan naiz, baina ez da nirea. Talentudun jende mordoa badago jada. Antzerkia, batez ere, oso zaila da.
Kasik zutaz egitea litzateke, ez?
Ez, ez, ez. Eta gero eta desberdinagoa, hobeto. Horrela hasi behar zara zure baitan bilatzen, denok baititugu pertsonaia mordoa. Denok gara kapaz edozertarako. Zer dut nik pertsonaia honek duena? «Nik ez nuke egingo, baina banaiz kapaz egiteko». Antzerkia autoezagutzarako bide bat da.



