Bera Berak hiru porroten galera irauli nahi du
Ibaeta Basketek Jairis hartuko du Gaskan, Lara Gonzalezen egun handian. Realeko mutilek Elxen aurka jokatuko dute Anoetan, eta neskek Badalonaren kontra Zubietan.
Bera Beraren eta Atletico Guardesen arteko partida, Gaskan.Bera Bera Lidergoa galdu berritan, berreskuratzeko bideari ekin nahi dio Bera Berak. Azken hiru porrotek eragin dute galera, eta gaizki egindakoak zuzentzeko unea dela adierazi du Imanol Alvarez entrenatzaileak. Horretarako, Morvedreri irabazi beharko diote bere kantxan, bihar, 19:30an. Argi geratu da Atletico Guardes eta Kanaria Handia izango direla ligaren fase erregularreko arerio gogorrenak, eta haien ibilbidea zaindu beharko dute.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek neurketa berezia jokatuko du bihar, Gaska kiroldegian (18:00). Lara Gonzalez kapitain donostiarraren 282. partida izango da, eta Onintza Adurizekin batera, Donostiako taldearekin partaidetza gehien dituena izango da. Aurkaria, berriz, Jairis izango da, eta egun berezia garaipen batekin borobiltzen saiatuko dira. Bestalde, Gipuzkoa Basketek etxetik kanpo jokatuko du, Cartagenaren pistan (bihar, 19:00etan). Estudiantes Gaskan menderatu ostean, bolada on horri eusteko norgehiagoka izango da.
Futbolean, Realeko lehen mailako bi taldeek etxean jokatuko dute. Mutilak Elxen aurka ariko dira bihar Anoetan, 21:00etan. Kopako finalerdietara sailkatu eta arerioa Athletic izango dela jakin berritan, ligako erronkari aurre egin beharko diote lehendabizi. Ez da partida erraza izango, denboraldi txukuna egiten ari delako Eder Sarabiak gidaturiko taldea. Neskek, berriz, Badalonaren kontra jokatuko dute, beste behin ere, Zubietan (etzi, 16:00etan). Kataluniarrek txuri-urdinak kanporatu berri dituzte kopatik, eta errebantxa moduko bat izango da.
PARTIDAK
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 18. jardunaldia
- Morvedre – Bera Bera (bihar, larunbata, 19:30)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 20. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Jairis (bihar, larunbata, 18:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 19. jardunaldia
- Cartagena – Gipuzkoa Basket (bihar, larunbata, 19:00)
Futbola
Gizonezkoen liga, 23. jardunaldia
- Reala – Elx (bihar, larunbata, 21:00)
Emakumezkoen liga, 19. jardunaldia
- Reala – Badalona (etzi, igandea, 16:00)
