Gartxot Unsainen bakarkako albuma kalean da: 'Bizirik gaude'
“Gaurkoa egun berezia da, azken hiru urteotan sentitutakoak maitasun handiz biltzen dituen “bizirik gaude” diskoa kalean da”. Proiektu berria aurkeztu du gaur Gartxot Unsain musikari donostiarrak (Yaw, Bizaldi, Madeleine, Ghau…). Modu batean, “aro berri bati hasiera ematen” ari dela onartu du Unsainek, “zirrara handiz gainera”.
Ghau proiektua alde batera utzita, azken bi urteak “barrura begira igaro” ditu Unsainek, eta bere izenarekin abiatuko du proiektu berria. Otsailaren 6ean emango du argitara, hain zuzen, Bizirik gaude bere lehen lan luzea, gitarra eta ahots soilez ondutako disko geldoa. Baina ez bakarrik: Amaia Miranda izan du ekoizle, Iban Amorante tronpeta eta harmonium eta Maia Iribarne ahotsean, besteak beste.
“Izugarri ondo inguratuta bizi naiz, bistan da disko honetan bere ekarpen musikala egitera animatu diren lagunen zerrendari begira” azaldu du Unsainek. Ez da gutxiagorako: Amorante, Xabier Zeberio, Maia Iribarne, Garazi Alberdi, Ekain Perez eta Karlos Aranzegi izan ditu lagun.
Orain zuena da disko hau. Bandcampen entzungai eta Youtuben ikusgai, azken honetan Mikel Alonsok egindako bideo bereziekin. Diskoari edizio fisiko berezia egin dio Marmol Estudioa eta Ander Tejadasekin batera ondutako biniloa eskuragai Bandcampen bertan eta familiaren webgunean.
