Hautsi da kopa
Realeko neskek luzapenean galdu dute Badalonaren aurka Zubietan, final-laurdenetako partida bakarrean (0-1).
Realaren eta Badalonaren arteko partida, Zubietan.Reala Ez zen eguna, eta saiatu arren, ez zen posible izan. Realaren emakumezkoen taldea Espainiako Kopatik at geratu zen atzo, Zubietan. Ahalegindu ziren arren, Badalonak ez zuen huts egin izan zuen abagune ia bakarrean. Luzapenean sartu zuten gol erabakigarria kataluniarrek (0-1), eta txuri-urdinek ez zuten lortu finalerdietara sailkatzea.
Neurketa zaila eta trabatua izan zen. Une askotan deseroso aritu ziren Realeko jokalariak, eta arerioak agerian utzi zuen joko aldetik bolada onean direla. Hau da, ez direla ligan txuri-urdinen kontra galdu zutenak. Aukera gehiago izaten zituen Realak, eta, argiena, arauzko denbora bukatu baino lehen izan zen. Txuri-urdinen aldeko penaltia adierazi zuen epaileak, Lavogezi egindakoa. Ordea, Lucia Pardok ez zuen asmatu, eta atezainak gelditu zuen.
Kopatik kanpo geratu arren, Reala denboraldi oso ona egiten ari da, eta ligako martxa apartari jarraipena eman beharko diote —sailkapenean hirugarren tokian daude—. Hori bai, ligako hurrengo partidan Badalona izango dute aurkari, berriz ere.
