Horren iragankorra
Bidaiari bat, autobus geltokitik ateratzen.Joseba Parron San Sebastian Maleta batean kabitzen da bizitza. Hutsa ala betea, arina edo pisutsua, makulua ala mailua, eramangarria, eramanezina… Etxegabe txiro baten ondare bakarra izan daiteke, eta etxejabe dirudun baten deklaratu gabeko aberastasuna gordetzeko baliagarria. Jendartearen ispilu krudela, giltzarrapo batekin itxia.
Maletarekin bazatoz eta bazoaz. Bidaia baten abiapuntu alaiaren eta argitsuaren testigu zuzena izan daiteke. Bidean gal daiteke, berreskuratzeko esperantzarekin. Bidaia baten helmuga makurra eta iluna ere irudikatu dezake, agorturiko itxaropenarekin. Beraz, argi-ilunez beterikoa da.
Maleta bera da bizitza, modu batera edo bestera heldu beharrekoa. Odei Barrosok idatzitako letra bat irakur daiteke maleta horren barruan: «Erran didazu noren atean ez etsi / erran didazu nori aterik ez itxi / lehentasunak behar direla lehenbizi / hilda zaudela ez bazira hemen bizi».
Maleta da jatorritik hilerrira doana. Horren iragankorra.


