Ijito herria kaldereroen aurrean: hausnarketarako gonbidapena
Kaldereroei buruzko hausnarketan murgilduta dago Agifugi elkartea, helburu argi batekin: «Zer ekarpen egin daiteke, kaldereroak Donostiako ijitoentzat ere erakargarriak izateko?».
Kike Jimenez eta Rafa Gimenez, Agifugi elkarteko kideak. Beñat Parra Modu orokortuan ez bada ere, kaldereroen jatorriaren eta izaeraren inguruko eztabaida zabaltzen hasi da: Hungariatik Donostiara etorri omen ziren langileak omentzen dituzte? Ijitoen parodia dira? Irain arrazista bat? Agifugi Gipuzkoaren etorkizunerako ijitoen elkarteak gaiari heldu dio, Rafa Gimenez eta Kike Jimenez kideek azaldu dutenez.
Lehenik eta behin, ijito herriak, belaunaldiak joan, belaunaldiak etorri, bere egunerokoan bizi duen antitziganismoa kontuan hartu behar da: «Aitak esaten zuen ijitoa izatea munduko gauzarik handiena zela eta hala bizi izan dugu beti etxean. Baina etxetik ateratzen zara, eta ijito hitza lapurraren sinonimoa da», azaldu du Jimenezek. «Guk eguneko 24 orduak pasatu behar ditugu ijitoak garela aldarrikatzen», gaineratu du Gimenezek.
Horrela, kaldereroak borroka horren parte dira: «Ulertzen dugu jai bat dela, baina, testuinguru horretan, kaldereroei begiratzen diezu eta, pentsatu dezakezu, ‘barre egiten ari dira’». «Ijitoak ez direnek ijitooi buruz sortu duten iruditeria birpentsatzera bultzatzen gaituzte narratiba berriek», gehitu du Jimenezek.
Bizipenei tiraka
Bi kideek diote ez zaizkiela inoiz bereziki gustatu kaldereroak, baina, urte luzez, ez dutela horren inguruan hausnartu. Hain zuzen ere, Jimenezek gogoratu du nola, eskolako kaldereroetan parte hartzeko prestatzen ari zela, aurpegia erretako kortxo batekin margotu zion bizilagunak esan zion, «etorri, ijito guapo baten moduan jarriko zaitut»: «Ederra iruditu zitzaidan, ijitoa izatea munduko gauzarik handiena zela esaten zen etxe batetik nentorrelako. Orain, momentu hori gogoratzen dut eta ikaragarria iruditzen zait. Ez zaizkit inoiz bereziki gustatu kaldereroak, baina kontziente izan gabe; zerbait zegoen hor, ez zitzaidana gustatzen. Urteekin, konturatu naiz agian hori zela gustatzen ez zitzaidana, ijitoekiko erreferentzia hori guztia». Hala ere, ñabardura egin dute: «Gu ez gara erromani herri guztiaren ordezkariak, eta, beraz, badaude kaldereroen gaiari garrantzirik ematen ez diotenak edo berrinterpretaziorako beharra ikusten ez dutenak. Denon iritzia eduki beharko dugu kontuan».
Ildo beretik, zera gaineratu du Gimenezek: «Gu Donostiakoak gara duela hiru belaunaldi, eta gure inguruko inork ez du parte hartzen kaldereroetan. Eta parte hartu izan duten ijitoek minetik kontatzen digute euren esperientzia. Eskolan haur gisa bizi izan dutenek, haur ijito gisa, ijitoz mozorrotzen. Eta, gerora, guraso gisa, arrazoi horrengatik, eskolara joanez azaltzera beraien umeek ez dutela parte hartuko».
Erromani herriaren parte den kalderash taldekoak ziren kaldereroek hizpide dituzten langileak, eta, hain zuzen ere, egungo kalderash baten bizipena ekarri du hizpidera Gimenezek: «Astigarragan, badago Errumaniatik etorritako kalderash bikote bat, eta gizonak ez du ondo hitz egiten gaztelaniaz. Egun batean, ijito gurdi bat ikusi zuen kalean, eta pentsatu zuen benetako kalderash-ak zirela; poz-pozik jaitsi zen haiengana, erromaniz hitz egiten eta abar. Baina kaldereroak ziren, noski. Lortu genuenean dena ondo azaltzea, nahasmendu handiz bizi izan zuen».
«Zer ekarpen egin daiteke kaldereroetan, niretzat, Donostiako ijito bat naizela, erakargarri izateko? Agian, ekarpen positiboren bat egin dezakegu»
Rafa Gimenez, Agifugi elkarteko kidea
Ekarpenak egitea helburu
Horrela, kaldereroen inguruko hausnarketan, Amak Contra el Racismo eta Ongi Etorri Eskolara eragileen eskutik, gaiaren inguruko lanketa sakonagoa egiten ari dira orain. Pertsona erromaniekin zein ez erromaniekin inkesta bat gauzatzen ari dira eta, horrez gain, bi saio egin dituzte Amara Berriko ikastetxeko irakasle guztiekin: «Zer ekarpen egin daiteke kaldereroetan, niretzat, Donostiako ijito bat naizela, erakargarri izateko? Agian, ekarpen positiboren bat egin dezakegu. Gure kultura hizpide duen jai bat denez, jar dezagun balioan gure kulturako zerbait kaldereroetan. Badakizue zein den gure banderaren esanahia? Zer esan nahi duen ijito izateak?».
Irakasleekin ez ezik, azaldu dutenez, beste eragile batzuekin ere hitz egin dute kaldereroen inguruan, hala nola Kaleko Afari Solidarioak taldekoekin (KAS izango da aurten pregoilaria). «Antiguako kaldereroen konpartsarekin ere biltzekoak gara eta EH Bilduk interesa agertu du, baita ere, gurekin biltzeko», nabarmendu du Jimenezek. Era berean, Donostiako Udala beraiekin harremanetan jartzea espero dute: «Kaldereroak planteatzen baditu Donostiako jarduera erakargarri baten moduan, agian, bada garaia aitortzeko agian okertu egin garela eta festa birpentsatuko dugula planteatzeko». «Bidetik, topatu gara gu baino askoz jarrera erradikalagoa duen jende ez-erromaniarekin, esaten duena jaia ez dela berrinterpretatu behar, deskolonizatu behar dela edo, zuzenean, hau bukatu behar dela baizik. Zergatik gauza batzuk berrinterpretatu daitezke eta beste batzuk ez?», gehitu du.
«Beti esaten digute ez dela gaiztakeriaz egiten. Ados, goazen hurrengo puntura: zer egingo dugu orain?», nabarmendu du Jimenezek. Ildo horretatik, hau «hasierako fasea» dela argi edukita, eman beharreko pauso batzuk jarri ditu mahai gainean: «Hiru geruza ditu honek. Bat: kontuz terminologiarekin, orain da momentua aitortzeko zíngaro esatean, zelofana jartzen ari zirela ijito hitzari. Bi: goazen berrantolatzera jaia transmititzeko modua, ijitoentzat ere erakargarria izan dadin. Hiru: goazen dena bere testuinguruan jartzera, irakatsi diezaiegun haurrei benetan nondik datorren jaia, zein den ijito herriaren historia eta abar».
Horrela, hurrengo pausoaren berri eman dute: «Amak Contra el Racismorekin batera, Amara Berriko irakasleen artean egindako inkesta aztertuko dugu eta fase pilotua hasi nahi dugu gero, kaldereroen ondoren, ikasgela batzuetan sartu eta jaien inguruko testuingurua azaltzeko. Eta, pixkanaka, lanketa hori zabaltzen joan nahi dugu». Betiere, helburua argi edukita: «Jaiak bihurtu ditzakegu herri erromaniari buruz ikasteko tresna. Agian, egin dezakegu zerbait guretzat ere erakargarri izateko eta, horrela, agian, etorkizunean, kaldereroetako gure konpartsa propioa atera dezakegu hemen, Intxaurrondon, zergatik ez!».



