Loiolako Erriberan 200 zuzkidura etxebizitza eraikitzeko proiektua berretsi du Denis Itxasok
Eusko Jaurlaritzaren lursail horretan eraikiko dena erabakitzeko, herritarrek "lehentasuna" izango dutela esan du Etxebizitza sailburuak.
Armando Diago, Denis_Itxaso, Pablo Garcia Astrain eta Gonzalo Sanchez, The Social Hub gunean.Irekia Azken egunotan, ika-mika sortu du Loiolako Erriberako lursail batean aurreikusitako etxebizitza proiektuak. Herenegun, Jon Insausti alkateak eta Imanol Pradales lehendakariak partzela hori bisitatu zuten, eta Pradalesek iragarri zuen 400 zuzkidura etxebizitza eraikiko dituztela eremu horretan. Ordea, Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak lehendakariaren adierazpenak kritikatu zituen, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren aurreproiektuak 200 etxebizitza aurreikusten dituela.
Polemikari bukaera emateko asmoarekin, Itxasok agerraldia egin du eguerdian Loiolako Erriberako The Social Hub gunean. Etxebizitza Sailak Loiolako Erriberako lursail horretarako landu duen aurreproiektua aurkeztu eta defendatu du. Horretarako, proiektua diseinatzeaz arduratu diren Ortega Diago arkitektura estudioko bi ordezkari izan ditu alboan; Armando Diago eta Gonzalo Sanchez.
“Zuzkidura bizitokiak eta ekipamenduak eraikiz garapen orekatua lortzea bilatzen du planteamenduak; horrekin batera, beharren programa zehaztuko duen partaidetza prozesu bat egingo dugu”, azaldu du Itxasok. Horrekin batera, sailburuak esan du “aurreproiektua lehen hurbilketa bat” dela, eta, ondoren auzokideek parte hartzeko eta hauei entzuteko prozesu bat egin beharko dela: “Prozesu horretatik abiatuta, hainbat alderdi finkatuko dira, hala nola bizitokien kopuru zehatza eta ekipamenduetarako espazioen eta horien erabileren ezaugarriak, auzoaren beharren arabera”.
200 etxebizitza
Lehen zirriborro horretan erabilitako parametroetan, lantalde teknikoek, lan hipotesi gisa, 200 bizitoki eraikitzea planteatu dute. “Hiri antolamendurako plan orokorra aurreikusitako eraikigarritasuna errespetatzeko”, nabarmendu du Itxasok. Era berean, kultura eta komunitate erabileretarako ekipamenduak —8.000 metro karratu bitarte— eraikitzea aurreikusi dute. “Teknikoki babestutako zifrak dira, eta aurreproiektuari testuinguru bat ematen diote auzotarrei proiektua auzoan nola integratzen den ikusteko aukera emanez, partaidetza prozesua baldintzatu gabe”, azaldu du Itxasok. Gainera, sailburuak bere gain hartu du “udalarekin eta auzoko auzo elkartearekin programa definitzeko lanean hasteko konpromisoa; hala izan behar baitu”.
Epeari dagokionez, Itxasok esan du uda baino lehen abiaraziko dutela partaidetza prozesua, baldin eta Etxebizitza Sailak lursaila hilabete honetan jasotzen badu. “Urte honen amaieran egon liteke proiektua eta obra lizitatzen, obrekin 2027an hasteko”, gaineratu du.

Loiolako Erriberako lursail honetan aurreikusi dute 200 zuzkidura etxebizitza eraikitzea.Inaxio Esnaola
Beste 83 etxebizitza
Bestalde, sailburuak nabarmendu du Loiolako Erriberan proiektatutako beste 83 zuzkidura etxebizitza daudela, hauek ere Etxebizitza Sailak sustaturikoak. “Erreferentziazko proiektu gisa balio izan dute, auzoak bizitoki mota horiei nola erantzuten dien ulertzeko eta benetako beharrak zehaztasun handiagoz identifikatzeko aukera eman baitute. Aurretiazko azterketak bat datoz etxebizitzen hazkundea inguruaren benetako edukierara egokitzeko premian, eraikuntzaren, espazio libreen, ekipamenduen eta zerbitzuen arteko oreka bermatuz”, azaldu du Itxasok.

