«Zaurgarritasuna positiboki bizi nahiko nuke etorkizunean»
Loiolako Elizalde tabernan, muztioaren eta txipiroi broxetaren bueltan, Nagore Garmendia Artano (Loiola, 2002), kazetaria eta idazlea, bere lehen poesia liburuaz eta heldutze prozesuaz aritu da. Kantauri itsasoaren antzera, olatuen talkez, doluaren eta maitasunaren arteko bizipenak gordin jorratzen ditu ‘Donde las flores duelen’ argitalpenean, euskarazko eta gaztelerazko poemetan.
Zergatik aukeratu duzu Elizalde Taberna?
Betidanik izan da niretzako oso taberna berezia; alde batetik, sukaldaria nire osaba delako, eta bestetik, betiko taberna delako. Denok ezagutzen dugu elkar hemen, eta inoiz egon naizen jatetxerik onenetarikoa da.
‘Donde las flores duelen’ poesia liburua argitaratu berri duzu. Nondik jaio da?
Liburua nire barrutik jaio da, eta ni beste oinarririk ez dago. Argitalpena amets batetik jaio da. Ez nuen espero horrelakoa izaterik inoiz argitaratzen nuen lehenengo liburua, eta orain arte niretzako terapia gisa erabili dudan hori biltzea.
Autoedizio lana izan da dena.
Prozesua ez zait guztiz zaila egin. Oso polita izan da, guztiz nik egindako zerbait lortu dudalako: nik egin dut dena, hasieratik bukaerara arte, eta horrek satisfazio handia ematen dit.
Liburua zure hedapena da, hortaz? Bat egiten du zurekin?
Hor ikusten dudan Nagore oso urrutikoa zait. Liburua argitaratzea inflexio puntu bat da, eta nire beste bertsio bat ikusten dut; ez dena hain heldua, eta ahulagoa edo zaurgarriagoa dena.
Nagoreren bertsio asko daude hor. 16 urte nituenean hasi nintzen idazten eta zazpi urtetan pasatu zaidan guztia dago hor. Nire kasuan, nire ibilbide pertsonala, nire hazkundea dago urte hauen barruan. Heldua egin naiz bidetik, eta idazterako unean, kanpotik edo urrutitik egin dut, fokua nire gain jarriz: Nagore helduak Nagore txikiari hitz egingo balio bezala.
Aipatzen duzu kanpo begirada, baina, aldi berean, gordin agertzen da zure barnea.
Hori zen intentzioa: ostia bat da, kolpe bat. Besteek egunerokoan ikusten ez dutena dago poemetan. Ni, niretzat naizena, mila modutara naiz, eta dena ikusten da. Poema batzuek lotsa ematen didate, biluztu egiten naizelako.
«Heldua egin naiz bidetik,
eta idazterako unean kanpotik egin dut,
fokua nire gain jarriz»
Zer irakurtzen du irakurleak zure liburuan?
Zer ez duen irakurtzen [barrez]!
Neska gazte baten bizitza dago hor. Kudeatu behar izan ditu egoera batzuk tokatzen ez zen momentuan, eta horrek egin du heldu. Dago mina, eta dago maitasuna. Maitasunaren aldaera guztiak daude, eta ez da soilik erromantikoa. Toxikotasunean ere maitasuna dago, horren apologiarik egin nahi gabe, baina hortik ere ikasten da.
Oso lotuta daude mina eta maitasuna zuretzat?
Maitasunek eman didate min asko, eta min hori erromantizatu dut asko. Orain ikasi dut onartzen nire sentimendu guztiak. Beti gordin idatzi izan dut, baina, orain, onartzen diot neure buruari pentsatzea zer den minak dakarrena.
Badago jende bat esan izan didana hitzak jarri dizkiedala sentitzen dituzten emozioei, eta hori piropo bat da niretzat.
Kantauri itsasoa bezalakoa zara. Mareekin gora eta behera zure poemetan.
Asko aipatzen dut itsasoa, bai, errusiar mendiak erabiltzen ditudan bezala. Olatuen talkekin arroken kontra… itsasoko urak… ur gaziak sendatzen nau ni.
Askatasun keinu bat da liburua?
Askatasuna du, bai. Ez naiz hustu, baina modu batean bai onartu ahal izan dut nor naizen ni; eta naizen hau bizipen hauengatik dela ulertu dut.
Nostalgikoa zara?
Bai, oso! Nire egunerokoan nostalgia presente dut, eta atzera eta aurrera asko egiten dut, zailtasunez biziz oraingoa. Leku guztietan aurkitzen dut nostalgia, eta momentu asko erromantizatzeko gai naiz.
Zu irakurtzen, agerikoa da emozioei idazten diezula, haserreari edo etsipenari, besteak beste.
Sentimenduak asko pertsonifikatzen ditut, eta zuzenean idazten diet. Gertu ditut niregandik, eta oso presente daude nire bizitzan. Gainera, sentimendu horiek ere laguntzen didate idazten. Maleta batean sartu, eta nirekin eramaten ditut.
Zure zaurgarritasunean potentzia aurki daiteke.
Nire asmoetako bat, Donde las flores duelen argitaratzean, izan da jendeak sentitu ahal izatea ondo dagoela sentitzen duen guztia sentitzea. Ez dagoelako zerbait ondo edo gaizki dagoena.
Hala ere, liburuan dagoen zaurgarritasuna positiboki bizi nahiko nuke etorkizunean, bat natorrelako zaurgarritasunaren definizio horrekin; baina, oraingoz, liburuko Nagore hori txiki sentitzen da ahultasunean.
Kazetaria zara (IRUTXULOKO HITZAn, gainera). Nola da egunez kazetaria izatea, eta gauez, poeta?
Bi pertsona diferente garela kontsideratzen dut, kazetaritzatik ez dudalako idazten niri buruz, ez naiz ezeren protagonista eta, kasu honetan, bai. Liburu honekin, ez dut erantzukizun berdina sentitzen, baina bai sentitzen dut norbaiti lagungarria bazaio, zerbait lortu dudala.
Bigarren liburu bat ikusiko dugu?
Oraindik prozesatzen ari naiz argitalpen hau suposatzen ari den guztia, eta nahiz eta zerotik hastea gustatzen zaidan asko, oraindik liburu honengatik jasotzen ari naizen maitasun olatuaz disfrutatzen ari naiz.
Zorionak.
Eskerrik asko.




