«Brekekekex, ko-ax, ko-ax!»: Igeldoko igelaren kantua, soinu instalazio bihurtua
'Scala' soinu instalazioa, Tabakalerako eraikineko eskailera nagusian.Tabakalera Tabakalerak Brekekekex, ko-ax, ko-ax! aurkeztu du, Mikel R. Nietoren eta Illart Alkortaren soinu instalazioa, eraikineko eskailera nagusia “entzute aktiborako espazio bihurtzen duena”. Igelen kantuaren grabazio errealak abiapuntutzat hartu eta soinua sintetizatzeko prozesuen bidez eraldatu dituzte, etengabe eboluzionatzen doan ingurune akustiko bat sortuz.
Edonola ere, ez da edozein igel entzungo dena. Igeldo-Igara inguruko putzu eta hezeguneetan iaz egindako grabazioekin dago osatuta instalazioa. Bertan, Igeldoko igel gisa ezagutzen den hegoaldeko zuhaitz igelaren (Hyla meridionalis) kantuaren patroiak eta ingurunearekiko haien soinu-portaerak aztertu zituzten artistek, horietatik pieza hau sortuz.
Instalazioaren izenburu bitxiak igelaren kantuari egiten dio aipamena Aristofanesen Igelak (K.a. 405) komedian dagoeneko agertzen den onomatopeia baten bidez soinu horien dimentsio historikoa eta kulturala azpimarratzeko.
Nietok eta Alkortak azaldu dutenez: “Entzuten duzun korroka hots bakoitzak igelaren soinua adierazten du, pertzepzioari, errealitateari eta gure entzumenak ingurune naturalarekin duen harremanari buruz hausnartzeko aukera ematen duen soinu objektu bat. Entzuteak espazioan hedatzen den soinu ekosistema zabalago batean parte hartzea dakar.” Proiektuan Team Open Acoustic Devices, Aranzadi Zientzia Elkartea eta 11 Hamaiketako Kultur Elkartea dira kolaboratzaileak.
Aktibazioak gaueko ordutegian
Tabakalerak instalazioaren hiru aktibazio antolatuko ditu gauez, proiektuak igelen soinuak nola errepikatu, imitatu, sintetizatu eta abstraitzen dituen erakusteko. Zentroa, salbuespen gisa, ohiko ordutegitik kanpo irekiko da, eta testuinguru espezifiko bat eskainiko du soinuaren, entzutearen eta ingurunearen arteko harremanari buruz hausnartzeko. Jarduera irekiak dira publikoarentzat, aldez aurretik izena emanda, eta ez da behar aldez aurreko ezagutzarik ez eta ekipamendu berezirik ere parte hartzeko. Izen-ematea Tabakaleraren webgunean edo Zentroko Informazio Gunean egin ahal izango da.
Otsailaren 12an, Mikel R. Nietok gazteleraz; apirilaren 24n, Illart Alkorta euskaraz; eta ekainaren 12an, Ion Garin, herpetologian aditua Aranzadi Zientzia Elkartean euskaraz.
Artistak
Illart Alkorta Andoaga (Donostia, 1978) musikaria eta ingeniaria da, Akustikako Zientzietan Masterra egin duena. Denbora errealean erreakzionatzen duten eta soinuaren eta teknologiaren bidez adierazten diren sistema konplexuak garatzen ditu. Dantzako Huts obran kolaboratu du, eta gaur egun Olatz de Andrés koreografoarentzat konposatzen dihardu.
Mikel R. Nieto (Donostia, 1980) soinu artista eta ikertzaile independentea da. Bere praktikak landa grabazioak proposamen fonografiko erradikal bihurtzen ditu, eta ekintza politiko eta estetiko gisa aztertzen du entzutea. Soinu Artearen Masterreko irakaslea da Bartzelonako Unibertsitatean.
Scala proiektua
2021az geroztik, Scalak soinu-esperimentaziorako espazio bihurtzen du Tabakalerako eskailera nagusia, arkitekturaren eta entzutearen arteko hartu-emana aztertzen duten artisten eskutik. Aurretik, Niño de Elche, Maialen Lujanbio, Garazi Navas eta Carlos Casas bezalako sortzaileek bihurtu izan dute igarobide hau kontenplaziorako eta murgiltze-esperientziarako gune, soinua, publikoa eta espazioa uztartuta.
