Donostiako Udaltzaingoak atxilotuen jatorriaren berri emango du, Bilbokoak eta Gasteizkoak ez bezala
Ertzaintzak egin moduan, Udaltzaingoak atxilotuen jatorriaren berri emango duela adierazi du Insaustik. PSE-EE kontra agertu da, "aurreiritziak handitzeko" balio duelakoan.
Udaltzain batzuk Parte Zaharreko saltoki batean.Donostiako Udala Joan den azaroan, Ertzaintzak neurri polemiko berri bat iragarri zuen: atxilotuen inguruko jatorriaren berri emango zuela, alegia. Espainiako polizia bakarra izango da hori egingo duena, ustez, “desinformazioari aurre egiteko” helburuz. Orain, Donostiako Udala batu zaio, eta Donostiako Udaltzaingoak berdina egingo duela iragarri berri du Jon Insausti alkateak.
Insaustiren sutez, “informazio zehatz eta egiazkoak susmo edo espekulazioetan oinarritutako estigma eta diskurtso populistei aurre egiten laguntzen du”. Honela, atxilotuen jatorria ezagutaraztea “gardentasun ariketa bati dagokio”. Delinkuentziak jatorriarekin lotura egiteak dituen arriskuez galdetuta, udalak dio “diskurtso arrazistak ekiditeko” hartzen dela neurria, besteak beste, donostiarrak “adinez nagusiak direlako”.
Ez dira iritzi berekoak, ordea, Bilboko eta Gasteizko Udalak. Bilboko EAJko Amaia Arregi Segurtasuneko zinegotziak honakoak esan zituen eztabaidari lotuta: “Pertsonen jatorriak ez du delituzko jarduera justifikatzen, eta jatorria jakinarazteak ez du ekarpenik egiten”, eta “immigrazioa delitugilearekin lotzea oso akats larria da, eta segurtasun gabeziaren sentsazioa sortzera dator”.
PSE-EE erabakiaren kontra
Donostiako Udaleko PSE-EE taldea ez dator bat Jon Insausti alkateak astelehen honetan iragarri duen erabakiarekin, hau da, Udaltzaingoak atxilotuen edo ikertuen jatorri geografikoaren berri ematea bere komunikazio ofizialetan eta prentsa oharretan. Ane Oiarbide Donostiako sozialisten bozeramaileak gogorarazi duenez, “delinkuentzia ez da azaltzen pertsonen jatorriagatik, baizik eta faktore sozial, ekonomiko eta estruktural ugariengatik, politika publiko serio eta iraunkorrak behar dituztenak”.
Zentzu horretan, “Insausti oker dabil informazio hori emateak usteetan oinarritutako estigma eta diskurtso populistei aurre egiten laguntzen duela esaten duenean”, azpimarratu du. “Egia esan, guztiz kontrakoa lortzen da. Datu horiek modu isolatuan ematen direnean, testuingururik eta azterketarik gabe, aurreiritziak indartzen dira, konplexuak diren kausak sinplifikatzen dira eta immigrazioaren eta delinkuentziaren arteko lotura okerrak elikatzen dira, gizartean beldur handiagoa eta segurtasun-gabeziaren sentsazio handiagoa besterik sortzen ez dutenak”.
Kritika gehiago
Jaurlaritzak neurria iragarri zuenean, kontrakotasun handia sortu zen. Alderdi Popularrak eta Voxek ez ezik, gainontzeko alderdi eta sindikatuek gogor kritikatu zuten neurria. Arartekoak neurria ikertzen ari da, izan ere, duela hamarkada bat baino gehiago, gomendio bat egin zuen, Ertzaintzaren prentsa oharrek “nazionalitateari buruzko aipamenak saihestu” behar zituztela adieraziz, “informazio guztia ulertzeko behar-beharrezkoak ez badira”. Atxilotuen jatorria errazteak “giza errealitate horren ikuspegi negatiboa” transmititzen duela ulertuta, “errealitate horri buruzko estereotipoak eta aurreiritzi sozialak sortzen edo, hala badagokio, indartzen laguntzen baitu”.
Europako Kontseiluaren Arrazakeriaren eta Intolerantziaren aurkako Europako Batzordeak ere horri buruzko gomendio bat aurkeztu zuen, 2007ko ekainaren 29an onartua. Gomendio horren arabera, “Poliziak ez die komunikabideei edo jendeari informaziorik eman behar delitu baten ustezko egilearen arrazari, koloreari, hizkuntzari, erlijioari, nazionalitateari eta jatorri nazional edo etnikoari buruz. Beharrezkoa denean eta helburu legitimo bat duenean baino ez zaio utziko poliziari informazio hori zabaltzen, bilaketa- eta atxilotze-agindu baten kasuan bezala”.
